Eibarko Udalak lehiaketara aterako ditu Ipuruako aparkalekuak, Anexoko eraikinean

Guztira 38 aparkaleku izango dira
Eibarko Udalak lehiaketara aterako ditu Ipuruako aparkalekuak, Anexoko eraikinean
2024/07/19 12:43
eta kitto!

Irailean Eibarko Udalak 38 aparkaleku  jarriko ditu bizilagunen eskura Anexoko eraikinean. 38 aparkaleku hauek duela gutxi udal-lursailean eta Ipuruako futbol-zelaiaren anexoan eraikitako edifizioan daude (lehen Moja Kontzepzionisten komentuarena zen). Aparkalekuak, Errebalen egin zen moduan, administrazio-emakidako araubidean aterako dira.

Jon Iraola alkateak dioenez, “badakigu Eibarren zailtasunak daudela autoa aparkatzeko orduan. Gehien entzuten dugun kezka eta eskaeretako bat da. Hori horrela, etengabe dihardugu lanean, irtenbide eraginkorrak topatu nahian. Aparkaleku hauek sortzea premia nabarmen bati emandako erantzuna izateaz gain, gure herria hobetzeko Udalean hartu dugun konpromiso serio eta arduratsuaren erakusgarri ere bada".

Kontzesioaren modu eta baldintzak irailean emango dira jakitera, interesdunek izena eman eta adjudikazio-prozesuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Kontzesioaren prezioa udal-arkitektoak zehaztuko du. 
 
Pedro Escribano Obra eta Trafiko zinegotzia pozik agertu da eta "38 plaza berri hauek Ipuruako aparkalekuen egoera arintzeko modua izango dira”, adierazi du.