Eibarko Udalak Mercedes Kareaga bekaren bigarren edizioa kaleratuko du 2024an
Eibarko Udalak Mercedes Kareaga beka kaleratzea erabaki du bigarren aldiz. 2022an egin zen bezala, aurten ere Eibarko herriarentzat interes berezia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaldu nahi dira. 2024ko ediziorako, Ego Ibarra Batzordeak EHU/UPVko Historia Sailarekin batera aukeratu duen gaia hau izan da: 1880tik 1936ra bitarteko Instrukzio Publikoa Eibarren. Herriko maistrak. "Ekimen hau tokiko historiaren hutsune bat betetzera dator, gai hau orain arte gutxi aztertu baita, eta interesgarria da Eibarko hezkuntza sistemaren oinarriak zeintzuk izan ziren jakiteko", azaldu dute Ego Ibarratik.
Beka 9.000 eurokoa izango da. Interesdunek urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean aurkeztu beharko dute proposamena.
Proiektua, azterlana eta memoriak euskaraz egingo dira, betiere genero ikuspegia landuz. Ikerlana 20 hilabeteko epean egin beharko da, eta iturri garrantzitsuenetako bat Eibarko Udal Artxiboa izango da. Bertan, gaiari buruzko informazio ugari dago eta datozen hilabeteetan, ikerketa lanaren mesedetan, dokumentazioaren identifikazio lana egingo da.
Informazio gehiago Ego Ibarraren atarian.