Eibarko Udalak Mercedes Kareaga Bekaren II. edizioaren bigarren deialdia aurkeztu du

Eibarko Udalak Mercedes Kareaga Bekaren II. edizioaren bigarren deialdia aurkeztu du
2025/11/20 13:24
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Mercedes Kareaga Gisasola eibartarra
Eibarko Udalak, EHU/UPVren laguntzarekin, Mercedes Kareaga Bekaren II. edizioaren bigarren deialdia jarri du martxan, herriarentzat interesa duten ikerketa-proiektuak sustatzeko helburuarekin. Lanak aurkezteko epea azaroaren 17tik abenduaren 1era egongo da zabalik.

Edizio honetarako aukeratutako ikergaiak “Instrukzio Publikoa Eibarren (1880–1996). Herriko maistrak” du izena. Gaiarekin, tokiko historian dagoen hutsune bat betetzea eta herriko maistren lana ikusgarri egitea bilatzen da.

Beka 15.000 eurokoa izango da eta lanak euskaraz aurkeztu beharko dira. Proiektuak gehienez 15 orrialde izango ditu, eta bertan honakoak zehaztu beharko dira: ikerketa-esparrua, aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen esperientzia, helburuak, materialak eta metodologia, lanaren kronograma, aurreikusitako emaitzak eta, hala badagokio, bestelako finantzaketa-iturriak.

Bekak 20 hilabeteko iraupena izango du, eta epe horretan onuradunak lau txosten aurkeztu beharko ditu. Lanaren jarraipena Eibarko Udalak eta EHU/UPVk osatutako batzorde misto batek egingo du.

Oinarriak eta eskaera egiteko jarraibideak esteka honetan daude eskuragarri.