Eibarko Udalak positiboki baloratu ditu urte hasierako ekitaldi kulturalak

Eibarko Udalak positiboki baloratu ditu urte hasierako ekitaldi kulturalak
2026/02/18 15:26
Irati Alvarez Malaxetxebarria

2026ko urte-hasierako kultura eskaintzaren balantzea egin du Eibarko Udalak. Udalaren arabera, balantzea oso positiboa izan da: parte-hartze handia egon da jarduera guztietan, eta ez da intzidentzia aipagarririk izan Eibaren.

Gazte Eguna eta Aratosteak izan dira urte hasierako ekitaldi kultural nagusiak. Udalak adierazi duenez, Udaltzaingoaren presentzia aktibo eta prebentiboari, eta udal-zerbitzuen, segurtasun-indarren eta herriko kolektiboen arteko koordinazioari esker, jarduera guztiak normaltasunez egin dira.

Otsailaren 7an ospatu zen Gazte Egunaren lehen edizioa, IPQ kuadrillaren eskutik eta Udalaren laguntzarekin. Ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta milaka lagun bildu ziren egun osoan zehar antolatutako kontzertu eta jardueretan. Besteak beste, Rock You eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen emanaldiek jendetza erakarri zuten.

Eguraldia lagun izan ez arren, Aratosteetan giro ona nagusitu da, eta kuadrillek zein familiek kaleak bete dituzte. Alkateak, Jon Iraolak, herritarren jarrera arduratsua nabarmendu du, eta Kulturako zinegotziak, Andoni Zabalak, Udalaren eta herriko kolektiboen arteko elkarlanaren garrantzia gailendu du.