Eibarko Udalak soinu-ingurunea hobetzeko ekintza-plana aurkeztuko du bihar Portalean
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, udalerriko soinu-ingurunea hobetzeko Ekintza Plana prestatu du, eta herritarrei aurkeztuko die bihar, otsailak 10, Portalean. Planaren hasierako dokumentua herritarrekin eta tokiko eragileekin kontrastatu nahi dute, behin betiko onartu aurretik.
Planak kutsadura akustikoa aztertu, prebenitu eta murriztea du helburu, eibartarren bizi-kalitatea hobetzeko. Udalak jakinarazitakoaren arabera, dokumentua 2024an egindako online inkesta baten eta ondorengo azterketa teknikoaren emaitzetan oinarritu da.
Horretarako, parte-hartze saio irekia egingo da otsailaren 10ean, 18:30etik 20:00etara, Portalean (ikastaro-gela, 3101). Saioan, planaren puntu nagusiak aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dira.
Udalak nabarmendu du Ekintza Plana hiri osasuntsuago baterako tresna dela, eta herritarren parte-hartzea funtsezkotzat jo du.
Informazio gehiago, Udalaren webgunean, ingurumena@eibar.eus helbidean edo 943 70 84 08 telefonoan.