Eibarko Udalak udal-aurrekontuen bisore berri bat jarri du abian herritarrei udal-baliabideen kudeaketa erakusteko
Eibarko Udalak udal-aurrekontuen bisore digital berri bat jarri du martxan, herritarrek udal-baliabideak nola erabiltzen diren modu "errazean, bisual eta interaktiboan kontsultatu, esploratu eta ulertzeko" aukera izan dezaten. Udalak jakinarazi duenez, tresna horri esker, udala nola finantzatzen den eta zer arlotan inbertitzen diren baliabide publikoak argi eta garbi ikusi daitezke.
Dynamic OpenGov Technologies SL-k garatutako bisore berria aurrekontuak.eibar.eus helbidean eskuragarri dago, eta Fundación Ciudadana CIVIOk 2017an sortutako noradoaznirezergak.eibar.eus plataforma ordezkatzen du. Plataformara, halaber, eibar.eus udal-webgunearen bidez sartzea ere posible da.
Bisoreak udal-aurrekontuak grafiko interaktiboen, bistaratze dinamikoen eta datu deskargagarrien bidez erakusten ditu, eta udaletxeko diru-sarrerak eta gastuak xehetasun maila desberdinetan aztertzeko aukera ematen du. "Horrela, herritarrek, ikertzaileek edo kazetariek udal-aurrekontuak modu errazean aztertu eta berrerabili ahal izango dituzte, datuak berrerabilpenerako araudiarekin bat eginez".
Zer eskaintzen du bisore berriak?
- Diru-sarrerak: udalaren diru-sarreren jatorria ikus daiteke, sailkapen ekonomikoaren arabera.
- Gastuak: udal-gastuak azter daitezke, kapituluka eta kontzeptuka banatuta, eta ikus daiteke zer arlotan kontzentratzen den diru gehiena.
- Helburuak: aurrekontua politika publiko eta gastu-arloen arabera bistaratzen da, herritarrek argi ikusi dezaten zer helbururekin erabiltzen den dirua.
- Datu historikoak: aurrekontuak azken urteetan nola bilaka den alderatu daiteke, adibidez biztanleko gastua edo partida jakin batzuen bilakaera.
- Deskarga eta berrerabilpena: bisorean dauden datuak deskargatu eta berrerabili daitezke formatu berrerabilgarrietan, sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeko legediaren arabera.
- Azalpenak eta narratibak: datuak interpretatzeko laguntza eskaintzen dute, udal-aurrekontuak nola funtzionatzen duen modu erraz batean ulertzeko.