Eibarko Udalaren aitortza jaso du Felix Elkoroiribe eibartarrak
Zapatu eguerdian udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian jaso zuen Txopitea eta Pakea saria Felix Elkoroiribe eibartarrak, “bizitza osoan izandako konpromiso sozialagatik”. Eibarko Udalak egin dezakeen aitortzarik handiena da Txopitea eta Pakea, Jorge Oteizaren eskultura enblematikoaren erreplika eta, sari hori emanda, Elkoroiriberen ibilbide pertsonal eta profesionala aitortu nahi izan ditu Udalak, “baita Eibarrekiko eta bertako herritarrekiko izan duen konpromiso iraunkorra ere”.
Felix Elkoroiribe 1946an jaio zen, Arragueta zeharkalean. Ingeniaria eta matematikazalea izanik, irakasle lanetan aritu zen urteetan, baina bere lan-ibilbidearen zatirik handiena Eibarko Udalean egin zuen, Zerbitzu Sailean. Udaletik azpimarratu dutenez, erretiratu ondoren ere, Eibarko bizitza sozialean eta herriko hainbat taldetan modu aktiboan parte hartzen jarraitu du. Bereziki nabarmendu dute Untzaga Zentro Sozialean egindako lana, “non hamabi urtez presidente izan zen, eta modernizazio-prozesu garrantzitsua bultzatu zuen”.
