Eibarko Udalbatzak batzorde eta ordezkaritzen osaera eta ordezkarien izendapenak onartu ditu
2023/07/10
12:01
eta kitto!
Lan Batzorde eta Aholkularien eta Ordezkaritzen osaera eta organo desberdinetako ordezkarien izendapenak onartu zituen Eibarko Udalbatzak, barixakuan egindako bilkura berezian. Bilkura berean onartu zituzten, baita ere, udal taldeen sorrera eta osaera eta hautetsien eta behin-behineko langileen ordainsariak. Era berean, alkateordeen izendapena ere onartu zuten: Alberto Albistegi Zamakola, Ana Telleria Etxeberria eta Vanesa Hortas Mojon. Hiru hauek osatuko dute, alkatearekin batera Tokiko Gobernu Batzarra agintaldi honetarako.
Udal Araudi Organikoaren arabera, Udaleko Lan Batzordeak izenarekin, lan-batzorde bakoitza zortzi kidek eta batzordeburuak osatzen dute. Jon Iraola alkateak izango duen lehendakaritzaz gain, datozen egunetan PSE-EEko hiru kide, EH-Bilduko bi kide, Eibarko EAJ-PNVko bi kide eta Elkarrekin Podemoseko kide bat izendatuko dira. Oraindik eratu gabe dauden lan-batzordeak hauek dira: Erakunde, Lege eta Lurralde Gaietarako Batzordea; Kontu, Ogasun eta Ondare Batzordea; Hirigintza, Obra eta Ingurumen Batzordea; eta Langileen Batzordea. Aholku Batzordeak, batzordeburuak eta beste ordezkaritzak Eibarko Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.