Eibarko Udaleko 2026/27 ikasturteko kirol-jardueren programa martxan da

2.000 plaza baino gehiago eta 20 jarduera baino gehiago eskainiko dira, aukera-berdintasuna bermatzeko zozketa sistema berriarekin
Eibarko Udaleko 2026/27 ikasturteko kirol-jardueren programa martxan da
2026/07/23 12:49
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Udaleko Kirol Sailak martxan jarri du 2026-2027 ikasturterako kirol-jardueren programa. Gidatutako jarduera gehienak irailaren 1ean hasiko dira, eta haurren igeriketa-ikastaroak, berriz, irailaren 9an. Guztira, 2.000 plaza baino gehiago eskaini dira, adin eta behar guztietara egokitutako 20 jarduera baino gehiagotan.

Aurtengo berrikuntza nagusia izena emateko sisteman dago. Izan ere, ekainean egindako zozketa baten bidez  esleitu dira eskainitako plaza guztiak. Udalaren helburua aukera-berdintasuna bermatzea izan da, aurreko urteetan talde askotan plaza berak pertsona berberek betetzen baitzituzten eta erabiltzaile berriek sartzeko aukera gutxi izaten baitzuten.

Haurrentzako eskaintzan igeriketak eta dantzak izaten jarraitzen dute jarduera ezagunenak. Helduentzat, berriz, aukera zabala prestatu dute: pilatesa, fitnessa, entrenamendu funtzionala, spinninga, yoga, fittone, k-stretch, zumba, jazz dantza, aerobica eta 1,2,3 Sasoian programa, besteak beste. Ur jardueren artean, mailaren araberako igeriketa ikastaroak ez ezik, acuabike, acuafitness, acuaespalda, acuarunning eta 1,2,3 Acuarunning saioak ere eskainiko dira.

Seniorrentzako eskaintzak ere bere horretan jarraitzen du, gimnasia, fitnessa, pilatesa, gym bici eta ostiraletako dantza saioekin. Uretan, Acuasalud programa mantenduko da, eta Udalak gogorarazi du jarduera horietako asko doakoak direla kirol instalazioetako bazkideentzat.

Bestalde, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako eskaintza ere indartu dute. Haurrentzat zein helduentzat kirol egokitua eta igeriketa egokitua eskainiko dira, eta aurten dantza egokitua ere gehitu dute programara.

Momentuz, 1.300 lagunek baino gehiagok baieztatu dute ikastaroren batean parte hartuko dutela. Guztira 130 talde inguru hasiko dira irailean, eta gainerakoak martxan jarriko dira beharrezko gutxieneko parte-hartzaile kopurua osatzen denean.

Izena emateko aukera zabalik dago eta interesa dutenek eibarkirola.eus webgunearen bidez, ‘Eibarkirola’-ren mugikorreko aplikazioaren bitartez edo zuzenean udal kirol instalazioetan egin dezakete. Ikastaro guztiak hilez hile kontratatu ahal izango dira.