Eibarko XXVI. Jardunaldi Mikologikoak urriaren 24an eta 25ean egingo dira
Udazkenarekin batera, onddoak biltzeko garaia iritsi da, eta Eibarko Klub Deportiboak XXVI. Jardunaldi Mikologikoak antolatu ditu urriaren 24rako eta 25erako. Ekimenak onddoen mundura hurbiltzeko aukera eskainiko die zaleei, bai esperientzia handikoei, bai mikologian lehen urratsak ematen ari direnei.
Larunbatean, urriaren 24an, Errebal Plazako B aretoan egingo dute lehen hitzordua, 16:00etatik 20:00etara. Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologia adituek zaleek eramandako aleak sailkatuko dituzte, eta onddoen jangarritasunari buruzko nahiz beste edozein gairi lotutako zalantzak argitzeko prest egongo dira.
Igandean, urriaren 25ean, jardunaldiak Errebalen jarraituko du. 10:30etik 14:00etara, aurreko egunean zaleek bildutako eta Aranzadiko adituek sailkatutako onddoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, Eibarko Klub Deportiboak prestatutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Jardunaldien helburua onddoak biltzeaz eta gastronomiaz harago doa. Izan ere, onddoek basoaren ekosisteman funtsezko zeregina dute: zuhaitzen eta landareen arteko loturetan parte hartzen dute, kutsatzaile batzuk garbitzen lagun dezakete, eta ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote medikuntzari.
Uda luze eta beroaren ondoren, urriaren hasierako euriteek onddoak agertzea ahalbidetu dute. Hala ere, datozen asteetan zaparradak errepikatzea beharrezkoa izango da urrian ere aleak agertzen jarrai dezaten.