Eibarren AKEBAI euskararen plan estrategikoari buruzko inkesta bat egiten ari da

Inkestaren helburua da ikustea 10 urte hauetan planaren baitan Eibarren garatutako ekintza eta egitasmoak zenbateraino ezagutzen dituzten herritarrek, eta ea baliagarriak iruditzen zaizkien Eibar herri euskaldunagoa izan dadin
Eibarren AKEBAI euskararen plan estrategikoari buruzko inkesta bat egiten ari da
2025/10/13 17:42
eta kitto!

Aurtengo urtearen amaierarekin batera amaituko da 2016an onartu zen euskararen plan estrategikoaren indarraldia. Amaiera hurbiltzen ari den honetan, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Eibarren Akebaik planaren balorazio eta diagnostiko prozesua abiatu berri dute.

Balorazio hori egin ahal izateko inkesta bat sortu dute, Eibarrekin lotura duen pertsona ororen (herritarren, langileeen, zerbitzuen erabiltzaileen, etab.) iritziak, pertzepzioak eta balorazioak jaso ahal izateko. "Inkesta horren helburua da ikustea 10 urte hauetan planaren baitan udalerrian garatutako ekintza eta egitasmoak zenbateraino ezagutzen dituzten herritarrek, eta ea baliagarriak iruditzen zaizkien Eibar herri euskaldunagoa izan dadin", azaldu dute. 5 minutu inguru behar dira inkesta betetzeko, eta azaroaren 4a arte egongo da zabalik.

Hemen inkestaren esteka: https://www.labur.eus/eibareusk  

Prozesuaren hurrengo urratsa partaidetza mahai bat izango da, herriko biztanle, elkarte eta eragileei bideratua. Partaidetza mahai horretan inkestan jasotako erantzunak modu sakonago batean osatu eta landuko dira, planaren balorazio eta diagnostikoan ahalik eta irudi zehatzena osatu ahal izateko. Mahai hori azaroaren 11n (asteartea) izango da, Errebaleko bilera-gelan, arratsaldeko 18:30ean.

Balorazio eta diagnostiko prozesu honetan bildutako datuak 2026-2035 epealdirako diseinatuko den euskararen plan estrategiko berriaren oinarrietako bat izango dira.