Eibarren Akebaik eta Eibarko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dute
Dagoeneko abian da 2025eko errenta aitorpenaren kanpaina, eta Eibarren Akebaik eta Udaleko Euskara Zerbitzuak herritarrak Gipuzkoako Foru Ogasunarekin euskaraz aritzera animatu dituzte. 2025eko ekitaldiko errenta aitorpena aurkezteko epea apirilaren 7an ireki zen, eta uztailaren 2ra arte egongo da zabalik.
Urtero bezala, eta “Ogasunarekin Euskaraz” kanpainarekin bat eginda, eibartarrak Ogasunarekin euskaraz aritzera animatu dituzte. Errenta aitorpenaren garaia aukera egokia dela nabarmendu dute erabakia hartzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko.
Euskaraz egiteko aukerak
Errenta aitorpena egiteko dauden hiru modalitateetan posible da euskara erabiltzea. Autolikidazioaren eta mekanizatuaren kasuan, herritarrek euskaraz egin nahi dutela adierazi behar dute. Internet bidez, berriz, programaren euskarazko bertsioa aukeratu edo ZergaBidea webgunea euskaraz konfiguratu daiteke.
Goranzko joera Eibarren
Datuen arabera, gero eta eibartar gehiagok egiten dute errenta aitorpena euskaraz. 2018tik gaur arte, goranzko joera nabarmena izan da bai aitorpen kopuru orokorrean, bai Ogasunarekiko harremana euskaraz egiten duten herritarren artean. 2018an 1.402 herritarrek (%10) egin zuten errenta aitorpena euskaraz; 2024an, berriz, 1.838 herritarrek (%12) aukeratu zuten euskara. Eibarren egindako errenta aitorpenen kopuru orokorra ere handitu egin da azken urteetan: 2018ko 14.234tik 2024ko 15.427ra.