Guridin salgai daude ‘Oihu Bat Palestinara’ ekimeneko sarrerak
Guridin salgai daude dagoeneko Oihu Bat Palestinara kultur ekimeneko sarrerak. Bi sarrera mota eskuratu ahal izango dira: 15 eurokoa eta 25 eurokoa, bakoitzak nahi edo ahal duenaren arabera. Horrez gain, sarrerak online erosteko aukera ere badago, ekimenaren webgunearen bidez.
Kultur ekimen hori Euskal Herriko artista eta musikariek antolatu dute, Palestinarekin plataformarekin batera, Palestinaren aldeko borroka babesteko eta mobilizazioen ondorioz jarritako isun eta errepresio egoerei aurre egiten laguntzeko. Ekimenaren ardatza martxoaren 21ean egingo den hitzordua izango da, Landako Gunean, Durangon.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kulturaren bidez Palestinaren aldeko aldarria zabaltzea da helburua, elkartasuna oinarri hartuta. Horretarako, Euskal Herriko sortzaile eta musikari ugarik bat egingo dute ekimenarekin, Palestinaren aldeko oihu kolektibo bat plazaratzeko.