Eibartarrak protagonista Real Sociedad – Athletic derbian

Gorrotxategik, Oyarzabalen pasearekin, sartu zuen etxekoen garaipenaren gola luzapenean
Eibartarrak protagonista Real Sociedad – Athletic derbian
Argazkia: Juan Manuel Serrano Arce / Getty
2025/11/03 10:27
eta kitto!

Zapatuan, azaroaren 1ean, Real Sociedad – Athletic Club derbia jokatu zen Donostian, eta oso kutsu eibartarra izan zuen. Izan ere, herriko hiru futbolari egon ziren hamaikakoan: Mikel Oyarzabal kapitaina eta Jon Gorrotxategi zuriurdinak, eta Iñigo Ruiz de Galarreta zurigorria.

Derbiko eibartarrak, gainera, oso protagonista izan ziren. Realaren lehen golean, Brais Mendezek Oyartzabalen toke bat aprobetxatu zuen etxeko taldea aurretik jartzeko, baina Ruiz de Galarretak hasitako jokaldi batekin berdindu zuten partidua kanpokoek.

Bigarren zatia hasterakoan, Gonçalo Guedesek berriz jarri zuen aurretik Reala eta Robert Navarrok 79. ezarri zuen berriz berdinketa.

Anoetan bildutako zaleen laguntzarekin, Realak azken momentura arte bilatu zuen garaipena eta bi eibartarri esker iritsi zen. 92. minutuan, Realak kornerra atera, Gorrotxategik baloia gaizki jo eta Oyarzabali iritsi zitzaion, honek berriz atzera pasa eta han agertu zen berriz Gorrotxategi, baloia sarera bidali eta Realari garaipena emateko.