Eibartarrak sarean | Leire Gomez: "Zoriontsu egiten nauen zerbait bada, zergatik ez partekatu?"
Argazkietatik bideoetara jauzia eginda, Leire Gomez eibartarra sare sozialetan lekua egiten ari da pixkanaka. Bere gustuak, bizitzako momentu txikiak eta interesatzen zaizkion markak erakusten ditu, beti ere ikuspegi pertsonal batetik. Inseguritateei aurre eginez, eduki sortzaile izatea gustuko duen zerbait bihurtu da berarentzat, eta azkenaldian euskarazko edukiaren aldeko apustua ere egin du.
Duela gutxi hasi zinen Instagramen eta TikToken edukia sortzen. Nolatan?
Beti gustatu izan zait argazkiak, bideoak… edukia sortzea. Betidanik oso pertsona insegurua izan naiz, eta egun batean neure buruari esan nion: “Begira, niri gustatzen bazait, egin beharra daukat”. Egun batetik bestera izan zen erabakia. Lehenago ere argazkiak igotzen nituen, baina bideoetara pasatzea erabaki nuen. Azken finean, zoriontsu egiten banau, zergatik ez?
Zure ikasketek badute loturarik eduki sortzaile izatearekin?
Bai, komunikazioa ikasten ari naiz. Gaur egungo digitalizazio garai honetan denok gabiltza sarean buru-belarri, eta horregatik uste dut nire ikasketek eta sare sozialek lotura zuzena dutela. Ez hainbeste klasean ikasten dugunarekin, baizik eta marketingaren inguruko munduarekin. Azkenean, sare sozialetan egiten dudana hori da: produktu bati, denda bati edo markari nire aurpegia jartzea. Oraindik nire mundua txikia da, ez daukat jarraitzaile askorik, baina poliki-poliki lanean nabil.
Nola deskribatuko zenuke zure mundu hori?
Ez dakit oso ondo nola azaldu. Instagramen eta TikToken munduak erabat desberdinak direla iruditzen zaizkit. TikToken egiten dudanagatik jarraitzen nau jendeak, eta gainera, gehienak herritik kanpokoak dira. Instagramen, berriz, lotsa handiagoa ematen dit, nagusiki Eibarko jendeak jarraitzen nauelako.
Zenbat denbora daramazu edukia sortzen?
Gabonak baino lehen hasi nintzela esango nuke. Oso gutxi, egia esan.
Denbora gutxian jarraitzaile kopuru polita lortu duzu. Nola bizi duzu hori?
Kalean jendeak begiratzen didala nabaritzen dut, badakit sarean edukia sortzen ari naizelako dela. Batzuetan gelditu ere egiten naute, eta ilusio handia egiten dit. Sortzen dudan edukia asko gustatzen zaiela esaten didate, eta horrek sinestarazten dit egiten dudanak baduela zentzua.
Nola azalduko zenioke zure edukiaz ezer ez dakienari zer egiten duzun?
Oso zaila egiten zait azaltzea (barreak). Duela gutxi, amamarekin kalean nengoela, neska bat hurbildu zitzaidan. Nire amamak ez du egiten dudanaren ideiarik ere. Zer egiten dudan galdetu zidan, eta ez nekien nola azaldu. Bideo batzuk egiten ditudala esan nion, eta berak galdetu zidan: “Bai, baina zeren ingurukoak?”. Gustatzen zaidan denda batera joaten banaiz, grabatu egiten dut; jatetxe batera joan eta gustatzen bazaidat, ere bai. Nire gustuko gauzak, nire bizitzako momentutxoak… partekatzea gustatzen zait. Niri gustatzen zaidan horrek beste norbaiti balio badio, gordetzeko edo partekatzeko, primeran.
Nire bizitza sinplea dela esango nuke. Badira niretzat gordetzen ditudan gauzak, noski, baina beste batzuk partekatzea ez zait axola, besteren bati balio ahal badiote.
Lifestyle eta moda dira nagusi zure edukian.
Bai, hori da. Saiatu amama bati azaltzen zer den “lifestyle” edukia! (barreak). Eta bai, moda kontuak ere asko gustatzen zaizkit.
Euskarazko edukia sortzen ere hasi zara duela gutxi.
Bai, sarean jende asko ikusi dut euskaraz edukia sortzen, eta nik ere egin nahi nuen. Nire egunerokoan gaztelania asko entzuten dut, eta hori aldatu nahiko nuke. Nire edukia euskaraz izatea nahi dut, nire ustez modan dagoen ezer ez dagoelako euskaraz. Moda kontuez euskaraz hitz egiten duten eduki sortzaile oso gutxi daude; orain hasi direla esango nuke, eta oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Euskal Herrian bizi gara, eta euskarazko eduki anitza egotea ezinbestekoa da.
Badirudi Euskal Herriko eduki sortzaileek molde jakin bat izan behar dutela.
Bai, erabat. Batzuetan oso “enkasillatuta” gaudela iruditzen zait, eta nik uste dut pixka bat aldentzen naizela marko horretatik. Horregatik, batzuetan zaila egiten zait bideo bat euskaraz igotzea; badirudi bideo mota batzuek gehiago “eskatzen” dutela gaztelania. Baina hori ez da nik nahi dudana. Nire helburua da gaztelaniaz entzutera ohituta gauden eduki horiek euskaraz ere egitea.
Zer esango zenieke herritarrei?
Norbaitek eduki sortzaile gisa hasi nahi badu, has dadila. Inseguritateak albo batera utzi, eta zoriontsu egiten badu, aurrera egin dezala.