Eibartarrek ere bat egin zuten Hamaika Gara erreferendumaren aldeko mugimenduaren deiarekin
2020/06/08
17:00
eta kitto!
Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Eibarren ere asko izan ziren atzo Untzagara joan eta euren aldarriak bertan idatzita laga nahi izan zuten herritarrak. Horretarako deia Hamaika Gara erreferendumaren aldeko mugimenduak egin zuen. Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da Hamaika Gara egitasmoa eta Gure Esku herri mugimenduaren eta alor anitzetako eragileen arteko elkarlana eta sarea ditu oinarri. Izan ere, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko, hainbat eragilek sinadura bilketa bat abiatu zuten martxoaren 11n, Hamaika Gara izenpean, baina COVID-19aren pandemiak bete-betean harrapatu eta udazkenera arte atzeratuko dute sinadurak biltzeko kanpaina. Hala ere, interneten egitasmoari buruzko informazioarekin web orria dago martxan eta bertan sinatzeko aukera ere badago.