Eibartik kanpora dauden interes politikoak albo batera laga eta hitzartutakoa betetzeko eskatu diote jeltzaleek alkateari
Hala ere, “horrelako akordio pobrerako” sozialisten arrazoiak beraiek azaldu beharko lituzketeela uste dute: “Ez dago azalpen lokalik halako akordio pobre baterako, ezta trenbidearen gaineko hormigoizko pasealekuaren alde egiteko, ekialdea biratu beharrean. Agindutakoaren guztiz kontrakoa egin dute, eta dena Arnaldo Otegiri titular on bat oparitzeko”.
Gogorarazi dutenez, 2022an Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zion udal aurrekontuari (EAJ-PNVk ez du horrelakorik egin 2015etik), eta 3,4 milioi euroko zuzenketa partzialak aurkeztu zituen, aurrekontuaren aurka bozkatuz: “Hala ere, ekitaldian zehar, PSEk eta Bilduk 3 milioi euroko aldaketak egin zituzten aurrekontuetan, PSEk eta Bilduk adostutako gaiengatik. Horrek agerian uzten du iazko aurrekontuan gertatutakoa itxurakeria hutsa izan zela”, diote.
Gaurko agerraldia amaitu aurretik, emandako hitza betetzeak duen garrantzia nabarmendu dute berriz ere: “Hitza ematen denean, betetzeko da. Egiten dena esatea bezain garrantzitsua da esaten dena egitea. Ordezkari publikook konfiantza helarazi behar diegu herritarrei, proiektuei buruz eztabaida dezakegu, baina ez dugu huts egin behar”.
Hala ere, talde jeltzalearen ustez, “PSEk bere akatsa zuzentzeko eta lankidetzaren bidera itzultzeko aukera du. PSEk sinatu dituen proiektuekin konprometituta jarraitzen badu, zuzenketa horiek bakarrik babestu behar ditu”. Izan ere, jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa gehienak atzera bota dituztela adierazi dute, “PSE-EErekin batera adostu eta oraindik bete barik jarraitzen dutenak izan ezik”.