Einer Rodriguez eta Daniela Agudeloren diaporamarekin hasiko dira Arrate Kultur Elkartearen ikus-entzunezkoak
Uztailaren 5eko bertso-saio berezian inprobisazioa oinarri duten bi sormen alor uztartuko dira: klowna eta bertsoa. Beatriz Egizabal umoregile feministak egingo du gidari lana eta bera arduratuko da, bakarrizketa laburren bidez, bertsolariei gaiak proposatzeaz. Hor izango ditu lagun Oihana Bartra, Miren Artetxe eta Oihana Arana, 90 minutu inguru iraungo duen atalean. Saioa 20:00etan hasiko da.
Eta uztailaren 6ko “OLOR eta Dodoma” Jokin Azpiazuren musika egitasmo pertsonalena da eta Maialen Belaustegiren irudien laguntza du. Ikus-entzunezko bidaia bat da, egungo gizakiaren kondizio kontraesankor eta, aldi berean, gardenaren inguruan. Eibarko emanaldian bidaia berezia proposatuko dute, Ander Barriusoren laguntza teknikoarekin: bertan OLOR-en bi diskoetako kantuak forma berrietan agertuko dira, hala nola inoiz erabili gabeko soinu eta testu propioei eta inprobisazioei lekua eginez. Emanaldia 22:30ean hasiko da.