Ekainaren 8ko Deporreko Finalista Egunean domina mordoa banatuko dira

Batez beste, 50 haur ibili dira txango bakoitzean, irteera guztietan bi autobus beteta
Ekainaren 8ko Deporreko Finalista Egunean domina mordoa banatuko dira
2025/05/27 11:26
eta kitto!

Egun horretan Finalista Eguna ospatuko dute Deporrekoek, betiko lez horrela ikasturteko Mendi Egutegiari amaiera emateko. Honakoan 72 izango dira domina jasoko duten haurrak (bost irteeretan edo gehiagotan parte hartzeagatik) eta, horren harira, haur irteeretako antolatzaileak pozik daude jasotako erantzunarekin: batez beste, 50 haur ibili dira txango bakoitzean, irteera guztietan bi autobus beteta. Izango dira dominak helduentzako ere, Deporrek jarritako erronka batzuk lortzeagatik.

Eguraldiaren arabera izango bada ere, egun horretarako prestatutako ibilbidea honakoa izango da, gutxi gorabehera: 08:30ean Deporretik irten, ondoren GR-tik Santakurutzera jo, gero Akondia gaina zapaldu eta, hortik, Arraten amaitu. Domina-banaketa 11:30-12:00ak aldera izango da.