Ekintzak gaur hasiko diren arren, asteburuan ospatuko da Depor Eguna
Zapatuan (urriak 18) izango da Depor Eguna, baina 100 urte baino gehiago eta hainbat arlo jorratzen dituen erakundea izanik, Eibarko Klub Deportiboari egun bakarra motz geratzen zaio bere egun handia ospatzeko. Horrela, gaur, 19:45ean, Deporren, Jesus Gutierrezek ‘Ego Ibaiaren garrantzia Eibarko historian’ izeneko hitzaldia eskaini ondoren, zapatuan eta domekan hainbat ekintza egingo dira.
Deporrek egun osoko egitaraua prestatu du zapatuan bere egun handia ospatzeko. Hasteko, 10:00etan, espeleologia egingo da Ego errekan. Horretarako, aurrez izena emateko beharra dago Deporren webgunean. Parte-hartzaileak Depor Tabernan elkartuko dira eta bakoitzak bere frontala eraman beharko du.
Gero, 10:30ean, atletismo erakustaldia hasiko da Untzagan eta Txaltxa Zelain. 11:00etan, hainbat gauza egingo dira Toribio Etxebarria kalean. Batetik, xake partidak eta xake erraldoia egingo dira, baita umeentzako txirrindularitza gimkana ere, eta squashean egiteko aukera ere egongo da. Gainera, Deportonbolia eta denda jarriko dituzte.
Untzagan, 16:00etan, umeentzako sarea eta eskalada egingo dira. Eta, ondoren, dantzarako aukera egongo da. Batetik, 18:00etan, dantzaldia egingo da Kezka eta Jare (Gasteizko Manuel Iradier) dantza taldeen eskutik. Plaza Barriatik egingo dute irteera eta Untzagan eta Toribio Etxebarria kalean eskainiko dituzte emanaldiak. Bestetik, 20:30ean, erromeria egongo da, Toribio Etxebarrian, Emepebost taldearen eskutik.
Domekako ekintzak
Domekan, 08:30ean, Udazkentraila hasiko da Depor paretik, Kalamua Korrikalari taldearen eskutik. Antolatzaileen berbetan, ibilbide erraza izango da, “zailtasun teknikorik gabe”. Euren kalkuluen arabera, parte-hartzaileek 3 ordu eta 3 ordu eta erdian egingo dituzte ibilbidearen 14,6 kilometroak, 835 metroko desnibel positibo metatua gainditu beharko dutelarik.
Udazkentraila Toribio Etxebarria kalean hasiko da, 08:30ean, eta toki berean amaituko. Doako jarduera izango den arren, aurretik izena eman beharko da antolatzaileei lana errazteko.
Ibilaldia egiten den bitartean, 11:00etan, pilota egongo da Astelena frontoian. Goizeko Izarra pilota-taldeko eta Deporreko pilotari kadeteen eta jubenilen hiru partida, hain zuzen ere.