El Corte Ingles eraikina erosteko akordioa lortu dute PSE-EEk eta EAJ-PNVk

Eibarko Udalak 9 milioi euro ordainduko ditu (BEZik gabe), eta mailegu baten bidez finantzatuko du erosketa. Udalaren arabera, erosketa gabonak baino lehen gauzatzea nahiko lukete bi aldeek.
El Corte Ingles eraikina erosteko akordioa lortu dute PSE-EEk eta EAJ-PNVk
2026/10/16 13:12
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak El Corte Ingles eraikina erosteko akordioa lortu du udal gobernua osatzen duten PSE-EEk eta EAJ-PNVk. Erosketa-prezioa 9 milioi eurokoa da, BEZik gabe, eta mailegu baten bidez finantzatuko dute. Erosketa gauzatzeko, ordea, beharrezko tramiteak egin eta finantzaketa lortu behar dituzte oraindik.

El Corte Ingles eraikina jarduerarik gabe dago 2021eko uztailaren 30ean ateak itxi zituenetik, ia hamabi urtez zabalik egon ondoren. Jon Iraola alkatearen hitzetan, «hiriarentzat estrategikoa den operazio baten aurrean gaude». Haren ustez, eraikinak ezin zuen hutsik jarraitu, eta «pausoak ematen hasteko unea da».

Vanesa Hortas PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, negoziazioak itxieraren ondoren hasi zituzten, eraikina eskuratu eta beste erabilera bat emateko helburuarekin. «Denbora honetan guztian, eskuratzeko baldintzak ixteaz gain, bertara eraman ditzakegun proiektuak ere sakon landu ditugu. Egitasmo horiek gaur egungo beharrizanei erantzungo diete eta eraikina dagoen ingurua biziberritzen lagunduko dute», adierazi du.

Finantzaketa eta tasazioa, hurrengo urratsak

Udal gobernuak azaldu du erosketa gauzatzeko beharrezkoak diren finantza- eta hirigintza-txostenak prestatu dituztela. Udaleko teknikariek, gainera, eragiketaren finantza-bideragarritasunari buruzko aldeko txostena egin dute. Era berean, eraikinaren tasazioa gehituko diote espedienteari, udalaz kanpoko enpresa batek eginda.

Udal gobernuaren arabera, eragiketaren bideragarritasuna aztertzeko hainbat berme tekniko bete dituzte, eta zuhurtziaz jokatzen jarraituko dute. Azaldu du, halaber, eragiketaren baldintzak udaleko gainerako alderdi politikoei ere jakinarazi dizkietela.

Hurrengo urratsa erosketa finantzatzeko mailegua kudeatzea izango da. Finantzaketa lortu ondoren, Udalak eraikina erosteko dagozkion erabakiak hartu beharko ditu. Erosketa noiz gauzatuko duten oraindik ez dute zehaztu, baina jakinarazi dute Jon Iraola alkatea eta Corte Inglesa bat datozela eta gabonak baino lehen izan beharko litzakeela uste dutela.

Ia 700 aparkaleku-plaza herritarren zerbitzura jarri nahi dituzte

EAJ-PNVren lehentasuna da eraikineko ia 700 aparkaleku-plazak herritarren zerbitzura lehenbailehen jartzea, De la Hozek azaldu duenez. Horrez gain, eraikinari Eibarrentzat eta Debabarrenarentzat balioa sortuko duen jarduera bat emateko lan egingo dutela esan du, beste erakunde batzuekin elkarlanean.

Iraolak, berriz, eraikinari «bigarren bizitza bat» ematea erronka ez ezik premia ere badela adierazi du. Alkatearen arabera, helburua da eraikina aukera bihurtzea, enplegua erakartzeko, tokiko talentuari eusteko eta funtsezko zerbitzuak hobetzeko.