ELA duten gaixoen alde, “Los olivos pálidos” antzezlana eskainiko dute domekan Coliseo antzokian

Sarrerak 10 euro balio du eta bildutako dirua Gipuzkoan ELA gaixotasuna dutenentzat izango da
ELA duten gaixoen alde, “Los olivos pálidos” antzezlana eskainiko dute domekan Coliseo antzokian
2024/04/10 09:12
eta kitto!

Apirilaren 14an (domeka), 12:30ean, Eibarko La Red Teatro taldeak 'Los Olivos Pálidos' muntaia antzeztuko du Coliseo Antzokian. Ikuskizun horrek helburu solidarioa izango du, bildutako dirua Gipuzkoan ELA gaixotasuna daukatenei emango baitzaie. Eibarko Udalaren eta ADELA-Gipuzkoa elkartearen laguntzarekin, sarrerek 10 euroko prezioa izango dute, dohaintza gisa.

Sarrerak egunean bertan eskura daitezke, eta baita aldez aurretik  ere Eibarko Klub Deportiboan edo ADELA-Gipuzkoako 679234059 telefonora deituta.

Mikel Areitioaurtenaren zuzendaritzapean, eszenatokian Maite Lorenzo, Juanma Cano, Nerea Ariznabarreta eta Enrique 'El Vaca' gitarra-jole flamenkoa izango dira. Argiztapena, berriz, Juanjo Pérezen lana da. Umorea, drama, antzerkia, poesia eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizun hau Eibarren estreinatu zen eta ondoren Ermuan, Bilbon, Gasteizen, Amurrion, Miteu de Ourense erakustaldian, Soraluzen, Iurretan eta Arnedon ikusi ahal izan da.

 
'Los Olivos Pálidos' ikuskizunean, Federico García Lorca eta Frasquita (Bernarda Albaren pertsonaia inspiratu zuena) berriz elkartu dira. Antzezpenaren hirurogei minutuetan aurrez aurre arituko dira Lorca  eta Frasquita Alba. La Red Teatro taldearen jatorrizko istorio honetan, Federico eta Frasquitak bizitza eta heriotza ulertzeko modua azaltzen dute, baita gizakiek oso desberdin ikusten duten mundu batean nola jokatu behar duten ere. Oroitzapenak, haurtzaroko jolasak eta herri-kantak ez dira falta bizitzaz haraindiko espazio magiko batean.
 
'Los Olivos Pálidos' antzezlanean, Juanma Cano Federico da; Maite Lorenzo Frasquita, eta Nerea Ariznabarretak pianoa jo eta Conchita García Lorcaren papera egiten du. Enrique 'El Vaca'k gitarraren soinua jartzen du (lan honetan Enrique Montoya gitarra-joleari bizitza ematen dio, Lorcak XX. mendeko 30. hamarkadan ezagutu zuen gitarra-joleari, hain zuzen ere).