Elena Barrena Osorok 2025eko Ondare Saria jasoko du, hil osteko aintzatespen gisa
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondare Saria eman dio apirilean zendu zen Elena Barrena Osoro historialari eta irakasle eibartarrari (Eibar, 1953–2025). Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiaren ikerketa eta zabalkundean egindako ekarpen “bikainagatik” saritu dute.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak azpimarratu du Elena Barrenaren ikerketak “ezinbesteko erreferentzia” direla lurraldearen konfigurazio historiko eta soziala ulertzeko. Bere hitzetan, “Elena Barrena gure tradizio akademiko eta kulturalaren onena da: emakume aitzindaria, zorrotza eta eskuzabala, gure lurraldearen historia ikertzen eta irakasten aritu zena”. Diputatuak nabarmendu du, halaber, Barrenak ez zuela soilik historialari handi baten lekukoa utzi, “unibertsitatean eta ikerketan emakume askori bidea ireki zien maistra baten ondarea” baizik. Horregatik, adierazi du, haren lana saritu nahi izan dutela: “Bere ondarea gure ondare kolektiboaren parte da, eta etorkizuneko belaunaldiak argitzen jarraituko du”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuarekin bat egin du Jon Iraola Eibarko alkateak. Iraolak adierazi duenez, Ondare 2025 Saria emanez “merezitako aitortza” egin diote Barrenari. “Elenak hamarkadak eman zituen Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren iragana aztertzen begirada zorrotz, grinatsu eta konprometituarekin, eta bere ikerketak gure ondare kulturalaren ezinbesteko parte dira dagoeneko.”