Elgoibar-Eibar bidegorrian ibilgailuen joan-etorria itxi dute aldi baterako
Azken egunetako euriteek eragindako zulo baten ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak itxi egin du Elgoibar-Eibarko bidegorria, konpondu arte. Azaldu dutenez, “bidegorriaren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko prebentzio-neurri bat da”. Ezbeharra otsailaren 28an gertatu zen, Elgoibarko sarreran, Zizilion zubiaren inguruan: “Bidegorriaren zorupean zulo bat sortu zen, Elgoibarko udalerritik 50 metrora gutxi gorabehera, ibaiaren ur-goraldiak zorupeko harri-lubeta arrastaka eraman zuenean, azpiegitura nabarmen hondatuz”. Orain balorazio teknikoa egiten ari dira, “ahalik eta lasterren harri-lubeta eta lauza konpontzeko proiektua kontratatu ahal izateko”. Bien bitartean, Elgoibar-Eibar bidegorriaren aldi baterako itxierari buruzko argibideak eta ohartarazpenak errespetatzeko eskatu die herritarrei Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak. Era berean, Aldundiak adierazi du obrak amaitu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu ondoren jakinaraziko dela noiz irekiko den berriro.