Elkarkidetza Mahaiak Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna gogoratuko du gaur
Gaur (eguaztena, hilak 17) Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna gogoratuko da eta, horren harira, 12.00etan Untzaga plazak Eibarko Elkarkidetzarako Mahaiak antolatutako ekitaldi nagusia hartuko du, elkarretaratzea tartean. Euskadi mailako GKEen koordinakundeak aurtengo kanpainiarako aukeratu duen goiburua Murrizketei bai, aberastasunean, desberdintasunean eta xahubidean eta biharko ekitaldian irakurriko duten manifestuak, besteak beste, munduan 1.300 milioi lagun egunean euro bat baino gutxiago gastatuta bizi behar dutela gogoratuko digu. Ekitaldian belaunaldi ezberdinak ordezkatuko dituzten eibartarrek hartuko dute parte eta Aldatze eta La Salle ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Antolatutakoari jarraituta, Untzaga plazan Zero Pobrezia kanpainiaren logotipoa irudikatzeko puzzle erraldoia egingo da.
Zine foruma
Kanpainaren harira, bestalde, eguenean (hilak 18) 19.00etan zine foruma eskainiko dute Portalean. Interferencias (Zuz: Pablo A. Zareceansky) pelikula emango dute, mundu mailako krisi ekonomikoaren inguruko lana, sektore sozialetako eta zine munduko 150 bat profesionalen elkarlanaren emaitza. Bertan krisiaren arrazoiak azaldu eta horiei aurre egiteko alternatibak esplikatzen dituzte.