'Emaiozu berbia euskeriari!' ekintzarekin ospatuko da bihar Euskararen Nazioarteko Eguna Eibarren

18:00etan Mintzodromo irekia egingo da Untzagan eta 19:00etan argiak itzalita eta norberak bere linternarekin 'Euskal Herrian euskaraz' abestiaren koreografia egingo da.
'Emaiozu berbia euskeriari!' ekintzarekin ospatuko da bihar Euskararen Nazioarteko Eguna Eibarren
2025/12/02 12:04
Silbia Hernandez Arrazola

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta, urtero bezala, Eibarko hainbat talde, elkarte eta eragile (Eibarren Akebai, Euskalgintza taldea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Udal Euskaltegia, AEK eta Udaleko Euskara Zerbitzua) elkarlanean aritu dira, egun horretako arratsaldea girotzeko.
Alde batetik, mintzodromo ireki bat egingo da, 18:00etan Untzagan. Antolatzaileek adierazi dutenez, “helburua da ordubetez euskaraz lasai eta eroso hitz egitea, eibartarrentzat interesekoak diren gaien inguruan. Aurten, gainera, mokadutxoa eta edateko zerbait eskainiko zaie Mintzodromoan parte hartzen dutenei”. Horrekin batera, Mintzodromoan parte hartzeko asmoa dutenei aurretik jakinaraztea asko eskertuko luketela adierazi dute, “antolakuntzari begira errazagoa delako horrela”.
Mintzodromoa amaitu eta, jarraian, 19:00etan, aurtengo Euskararen Egunari lerroburua ematen dion ekintza egingo da Untzagako harmailetan: Emaiozu berbia euskeriari!
KAXA dantza taldeko kideek gidatuta, Euskal Herrian Euskaraz abestiaren koreografia egingo da, argiak itzalita eta norberak bere linternarekin (horretarako, komeni da etxetik argia eramatea: linterna, frontala, kriseilua…). Koreografia ikasteko, HEMEN ikus daiteke bideoa.
Horren jarraian, Untzagako harmailetan “Emaiozu berbia euskeriari!” esaldia osatuko da jendearen artean eta, gero, “berbia” desagertu eta herritarrek nahi dituzten hitzak agertuz joango dira, goiburuaren aldaerak sortzeko (adibidez: Emaiozu dantza euskeriari!, Emaiozu maitasuna euskeriari, Emaiozu aniztasuna euskeriari!, etab.).