Emaitza bikainak lortu dituzte Eibar Igerixan taldekoek Gipuzkoako Neguko Txapelketan

Podium ugari eta maila handia erakutsi zuen klubak Irungo Azken Portuko hitzorduan
Emaitza bikainak lortu dituzte Eibar Igerixan taldekoek Gipuzkoako Neguko Txapelketan
2026/02/05 14:04
Ekhi Belar Errasti

Joan den asteburuan, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Gipuzkoako Neguko Txapelketa jokatu zen Irungo Azken Portu polikiroldegian, eta bertan emaitza bikainak lortu zituen Eibar Igerixan klubak, bai banakako probetan bai erreleboetan. Jardunaldiek podium ugari eta maila handiko markak utzi zituzten, asteburu oso positiboa osatuz.

Emakumezkoen talde federatua Paula Calvo, Naroa Osa, Elaia Mujika, Ane Osa, Itziar Eiriz, Izaro Oneka, Jone Avellaned eta Itsaso Castrillok osatu zuten. Gizonezkoen talde federatuan, berriz, Jokin Oneka, Asier Gómez, Iker Calvo, Isaam Mokaddem, Anes Abderrahmane eta Ander Izaguirre aritu ziren.

Banakako emaitzetan, Paula Calvo izan zen nabarmenetako bat, junior mailan 100 librean, 50 bizkarrean eta 100 tximeletan garaipena lortuta, eta maila absolutuan ere 50 bizkarrean eta 100 tximeletan lehen postua eskuratuz. Itsaso Castrillok ere jardunaldi bikaina egin zuen, junior mailan 800 librean bigarren eta 400 librean lehen sailkatuta. Gizonezkoetan, Anes Abderrahmanek hirugarren postua lortu zuen 50 tximeletan, Jokin Oneka bigarren izan zen 200 bularrean eta hirugarren 100 estilotan, eta Isaam Mokaddem hirugarren sailkatu zen infantil mailako 200 estilotan. Asteburua emakumezkoen 4x200 libreko erreleboan lortutako bigarren postuarekin borobildu zen.