“Emakumea mendiko kirolean” boskotearen mahaingurua bihar Portalean
Bihar euskarazko mahai ingurua izango da Portaleako areto nagusian, mendiko kirolean diharduten emakumeak protagonista izango dituena. Ekimena Martxoaren 8ko egitaraua prestatu duen lantaldearena da (Deportiboa ere bertan izan da aurten), aldi berean Mendi Jardunaldietako egitarauan sartu bada ere. Mahai ingurua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta, Ainhoa Lendinez ETBko kazetaria eta mendi kirol mundu horretan diharduen elgoibartarra moderatzaile dela, beste lau kirolari izango ditu protagonista: Irati Anda eskalatzailea, Lur Basterretxea eskiatzailea eta Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mujika korrikalariak.
Laukotearen disziplina aniztasuna alde batetik, hamarkada desberdinetako emakumeak izatea bestetik baina badute guztiak lotzen dituen haria, mendia eta mendiko kirolak maite dituztela. Bakoitza erreferentea izan da euren disziplinetan, eta jarraitzen dute izaten. Baina horra iristeko bidea ez da laua izan, eta horren inguruan jardungo dute, bidean aurkitu dituzten aldapa eta hertz horietaz batez ere: emakumezko izateak kirol ibilbidean zer ekarri dien, euren ibilbideak duintasunetik izan duenaz (edo ez), bizi izan duten ahalduntze prozesuaz...