Emakumearen Nazioarteko Egunerako antolatu diren ekimenekin bat egin du Udalak
Otsailaren 27ko Udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzionalak jasotzen duenez, “emakumeen lidergoa sustatzeko eta boterea berdintasunean erabiltzeko baldintzak bultzatzeko konpromisoa” hartzen du. Alde horretatik, adierazpenak dio, emakumeen parte-hartzearen alde lan egiteko beharrezkoa dela, besteak beste, “botere-espazioak partekatzea eragozten duten erresistentziei eta inertziei aurre egitea, kristalezko sabaiak hautsiz, espazio guztietan emakumeen presentzia bermatuko duten neurriekin, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin”.
Era berean, honako hauek ere lortu nahi dira:
- Zaintza-lanen banaketa erantzunkidean aurrera egitea.
- Zaintza eta bestelako lan feminizatuen sektore profesional prekarizatuak balioestea.
- Lidergoetan emakumeen konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen duten estereotipo eta aurreiritziei aurre egitea.
- Emakumeenganako indarkeria-mota guztiak ezabatzea, emakumeen aurkako indarkeria politikoa barne.
- Dominazioan oinarritutako eredu androzentrikoetatik lidergoa gauzatzeko praktikak eta moduak deseraikitzea.
- Emakumeen eta nesken eskubideak agenda feminista baten erdian jartzea, ikuspegi intersekzionala, berritua, erradikala eta eraldatzailea erabiliz.
Testu horretan, halaber, honako hau adierazten da: “Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea bultzatzen duten politikak indartzea da helburua, estamentu publiko eta pribatu guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketari dagokion martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoaren arabera”.