Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketako finalaren aurkezpena egin dute Astelena frontoian

Arrizabalaga-Bergara eta Sagardui-Gaminde bikoteak arituko dira nor baino nor, igandean, 12:00etan
Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketako finalaren aurkezpena egin dute Astelena frontoian
2026/03/16 16:50
Ekhi Belar Errasti

Igande honetan, martxoak 22, Emakume Master Cup Zirkuituko Eskuz Binakako Txapelketaren finala jokatuko da Astelena frontoian. Bertan, Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara Enara Gaminderen eta Alize Sagarduiren aurka arituko dira nor baino nor, 12:00etan hasiko den partiduan (ETBn emango dute zuzenean).

Gaur goizean aurkeztu dute finala prentsaren aurrean eta pilotariek pilotak aukeratzeko aukera izan dute Astelena frontoian. Giro polita ikusi da pilotarien artean, baina igandean lehia bizia izango da, asko baitute jokoan.

Final historikoa izan daiteke, Arrizabalaga Binakako seigarren txapela jazten duen lehen pilotaria izateko atarian dagoelako. Oraingoz, Gernikako pilotaria da Antton Maiz, Julian Retegi, Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaletarekin batera Binakako txapel gehien jantzi dituen kirolarin eta bera da, Zabaletarekin, oraindik palmaresa handitu dezakeen bakarra.

Arrizabalagak eta Bergarak orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. Beraz, txapelketa perfektua egiteko aukera dute, baina arerio gogorrak izango dituzte aurrean. Batetik, Enara Gaminde dago, egungo Banakako eta Binakako txapelduna; eta bestetik, Alize Sagardui, 14 urte besterik ez dituen pilotaria.

Arropa berria

Astelenako finalean, gainera, emakume pilotarientzat propio sortutako markaren arropa estreinatuko dute: Andrazko. Kamiseten diseinuaz gain, berritasun nagusiena galtzetan egongo dela aurreratu zuten joan den astean Emakume Master Cup zirkuituko arduradunek.

Galtza berriak Kirolak Bat enpresak ekoitzi ditu, emakumezkoen esku pilotako erreferentziazko txapelketak jokatzen dituzten pilotarien gustu beharretara ahalik eta gehien egokitu daitezen sortutako diseinuarekin, kantxan erosoago senti daitezen.