Emakumezkoek Eibarren jokatu zuten lehen partiduari buruzko dokumentala sortu dute

Almudena Urizar, Marisa Gorrotxategi, Mertxe Garate, Mertxe Baglietto eta Marisol Lahidalga dira protagonistetako batzuk
Emakumezkoek Eibarren jokatu zuten lehen partiduari buruzko dokumentala sortu dute
2024/05/23 13:38
eta kitto!

Eibarrek hartu zuen Euskal Herrian emakumezkoek jokatu zuten lehen partidua, 1971. urtean. Eibarko eta Ermuko gazteek osatutako talde bi aritu ziren elkarren aurka eta bertan egon ziren Almudena Urizar, Marisa Gorrotxategi, Mertxe Garate, Mertxe Baglietto eta Marisol Lahidalgaren lekukotza jaso du gaiaren inguruan sortu duten dokumentalak.

Las pioneras’ da dokumental laburraren izenburua, eta Visa eta Libero Creative Club izan dira sortzaileak. Asteburu honetan Bilbon jokatuko den Champions Leagueko finalaren harira argitaratu dute lana, Visa baita lehiaketaren babesleetako bat.

 

Nahi zutena egiteko gogoa

Dokumentaleko protagonistak Ipuruan bildu dira historiarako geratu den partidu hura gogoratzeko. “Gustoko zutena egin nahi zuten 14 urteko neskatxak besterik ez ginen, eta hori futbolean jokatzea zen. Beraz, zergatik ez?”, dio Urizarrek dokumentalean.

Neurketa hori jokatu zutenean, protagonistak ez ziren egiten ari zirenaz jabetu, baina gaur egun emakumezkoen futbolak duen arrakastaren parte sentitzen direla diote. “Espainiak Munduko Txapelketa irabazi zuenean, dominaren zatitxo bat nire zela pentsatu nuen. Nirea eta sasoi hartan futbolean jokatzen hasi ginen neskena”, Urizarren berbetan.