Emakumezkoen SD Eibar-ek Granadara egingo du Ligako lehen irteera
SD Eibarko emakumezkoen lehen taldeak F Ligako hirugarren jardunaldian jokatuko du denboraldi honetako lehenengo partidua etxetik kanpo. Taldeak indartsu hasi du liga, Ipuruan jokatutako bi partiduak irabaziz, Betisen eta Valentziaren aurka, bietan emaitza berarekin (2-0), eta goiko postuetan kokatu da. Oraingoan etxetik kanpo golik jaso gabe jarraitu nahiko dute Yerai Martinen taldekoek, bisitari gisa Granadan zapatu eguerdian, 12:00etan hasita, jokatuko den partidu horretan.
Atzo 12:00etan hasita Anexoan egindako lan-saioaren ondoren, gaur atseden eguna izango dute taldekideek. Ondoren, bihar eta etzi, 11:45ean hasita, Unben izango dituzte entrenamenduak; eta neurketaren aurreko azken lan-saioa, barixakukoa, Granadan bertan burutuko dute, hango Kirol Hirian, arratsaldeko 16:15ean hasita. Partidua jokatu eta gero, domekan bueltan Anexoan izango dute lan-saioa, goizeko 11:30ean hasita.