EMGI-ko bazkide ez diren establezimenduek ere har dezakete parte bonuak banatzeko kanpainan
2022/12/26
15:48
eta kitto!
Eibar Merkataritza Gune Irekia (EMGI) elkartetik gogora ekarri nahi dute bertako bazkide ez diren establezimenduek ere har dezaketela parte Astelena haur parkerako eta Errebalgo izotz pistarako bonuak banatzeko kanpainan. Horretarako 943206669 telefono zenbakira deitu dezakete eta hortxe azalduko diete zer egin behar duten kanpainarekin bat egiteko. Izan ere, aipatutako jardueretarako txartelak oparitzeko kanpainak, Udalaren laguntza izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren laguntza ere badauka eta, horregatik, ez da beharrezkoa EMGI-ko bazkidea izatea parte hartu ahal izateko. Astelena haur parkera eta izotz pistara sartzeko txartelak eskuratzeko bezeroek zerbait erosi beharko dute: gastatutako 20 euro bakoitzeko bono bana emango zaie, establezimenduaren zigilu-markarekin. Bono bakoitzarekin ordu eta erdiz doan ibili ahal izango da haur parkean edo, nahiago izanez gero, ordu erdiz izotz pistan patinatzen aritu.