END plataforma formalki eratzeko batzarra egin dute
Etxegabetasunaren arazoari konponbidea emateko asmoz sortutako END plataformak aurreko eguenean egin zuen lehen batzarra, Arrate Kultur Elkartean. Adierazi dutenez, Eibar eta inguruko elkarteetako kide ugari elkartu ziren bertan, “eta batez ere etxerik ez dutenen egoerarekin kezkatuta dauden pertsonak hurbildu ziren”. Gizarte-ekintzaren eremuko langileak, eta elkarte, sindikatu eta politikako kideak ere bertaratu ziren END plataforma modu formalean eratzeko egin zen bilerara. Plataformatik azaldu digutenez, “batzarra plataformaren jatorriaren laburpen txiki batekin hasi zen eta, jarraian, itxi berri den neguko dispositiboaren eta plataformaren azken mobilizazioei buruzko bideo batzuk proiektatu ziren. Ondoren, elkartearen estatutuak aurkeztu ziren, onartu ahal izateko. Eta, jarraian, ekarpenez beteriko eztabaida interesgarria sortu zen”. Amaitu aurretik, plataformak emango dituen hurrengo urratsak zeintzuk diren azaldu zuten, eta horiei buruzko zehaztasunak hurrengo baterako laga zituzten.