Eneritz Ibarra: “Benito Lertxundiren kantuak Orioko leku konkretuetara eramatea da ideia”
Benito Lertxundiren lana abiapuntu hartuta, euskal kulturaren ondare immaterialari leku fisikoa ematea da Ibarrak sortutako proiektuaren helburua. Kantuak eta gogoetak Orioko espazioetara eramanez, herria beste begirada batetik ezagutzeko eta belaunaldi berriei zein kanpotik datozen bisitariei euskal kulturara hurbiltzeko ibilbidea proposatu du. Ideia garatzeko beka jaso berri du, eta datozen hilabeteetan diseinatuko du proiektuaren mapa.
Hasieran esan zenuen gaia ez zela zuretzat. Zer gertatu zen gero proiektuari heltzeko?
Orion beti egon da testu eta irudi lehiaketa bat, eta formatu horri buelta bat ematen hasi ziren, lehiaketa eraldatu eta sormen-prozesu batean bihurtzeko. Aurreko ikasturtean, Sormen Bizian Lab sorkuntza prozesua abiatu zen, idazketa tailerra Nerea Loiolarekin eta ilustrazioa nirekin. Prozesu hori guztia Sormen Bizia beka honekin osatu zen.
Nik banekien beka hori egongo zela eta pentsatu nuen: «Agian hartuko dut parte edo ondo egon daiteke». Baina deialdia atera zutenean, gaia Benito zela ikusi nuen. Eta orduan, bua! Oso handia iruditu zitzaidan. Benito pertsona handia da niretzat; egiten dituen gauzak oso ondo zaindu ditu, kalitate handia eskaini digu, asko egin du eta jende askoren bizitza ukitu du eta herria egin du. Euskal Herrian bada nor. Orduan, horrek atzeraka egin zidan, haunditxo gelditzen zitzaidan gaia.
Hala ere, bekaren ideia hor geratu zitzaidan buruan, halako batean ibilbidearen ideia hau etorri zitzaidan eta bere lanaren transmisiorako balio zezakeen zerbait proposatzera ausartu nintzen.
Gehienbat, nik neuk egingarri ikusten nuen ideia batera heltzeak. Ez nintzen sartuko Benitoren kantuetan edo Benitori buruzko gogoeta batean. Baina ikusi nuenean egin nezakeena zela haren berbak edo gogoetak, Benitoren kantuak, hartu eta Orioko espazio konkretuetan kokatutako ibilbide bat planteatzea, pentsatu nuen hori egin nezakeela. Eta ausartu nintzen ideia garatzera.
Zer nahi duzu sortu «Benito, herriaren kantua» proiektuarekin? Zer aurkituko du ibilbidea egiten duenak?
Ideia da ibilbide bat izatea, oinarrian euskal kulturaren ondare immaterial hori izango duena eta leku fisiko bat emango diona. Denok entzun ditugun kantu horiek Orioko leku konkretu batzuetara eramatea eta Oriotik buelta bat eman eta abesti edo gogoeta horiek entzun ahal izatea da helburua.
Ibilbideak norberak euskaraz, Euskal Herriaz, Orioz... hausnartzeko ere balioko du. Gauzak iraganean eta orain modu desberdinetan ikusi ditugula ulertzeko aukera emango du. Eta, azkenean, hor ibilian-ibilian, abesti horiek entzuten, bizipenak mugituko dira. Denok Benitoren kantuak entzuten ditugunean bizipenak, burua atzera joaten zaigu eta bizipen batekin, egoera batekin, garai batekin edo bizitzako momentu batekin konektatzen dugu. Beraz, emozionalki ukituko gaituen ibilbidea izango da.
Pertsonala izango da, baina baita kolektiboa ere. Izan ere, bakarka edo taldean egin daiteke, eta transmisiorako ere balio dezake: belaunaldi berriei edo turismora datozen pertsonei herri honen hizkuntza eta egoera ulertzeko bide bat emateko.
Benitoren lana oso zabala da. Nondik hasi zara ikertzen?
Pixka bat pikoteoan. Alde batetik pixka bat hartzen, gero bestetik... Bere liburuak irakurtzen hasi naiz, kantagintzara jo dut, sarean dauden elkarrizketa batzuk ikusi ditut...
Beraz, proiektua lantzeko fasean zaude, eta, ostean, baiezkoa jasoz gero, kaleetan gauzatuko da.
Hori da. Noski, gero proiektuak beste inbertsio bat eskatuko luke. Oraingo beka ideia garatzeko da, ideia horren mapa egiteko, nola egin daitekeen pentsatzeko eta, bueno, espazioak mapa horretan kokatzeko, kontuak, gogoetak eta abar.
Baina, noski, bekaldia amaitzeak ez du esan nahi proiektua aurrera joango denik. Hori agian datorren urtean erabakiko da, eta aurrerago sortuko da proiektua.
Zuk proiektua nahiko zenuke Orion ikusi?
Ba kristona izango zen! Ni orain Orion bizi naiz, eta herri ekarpena egitea izango litzateke niretzat.
Kalean irudikatu duzu? Nola?
Asteasuko «Muskerraren bidea» hartu dut inspirazio gisa. Bertan, Obaba, Bernardo Atxaga eta Asteasuren historia nahasten dira, eta oso modu politean dago eginda.
Uste dut sortzen dugun ezer ez dela berria, loturak egiten ditugula alegia. Beraz, bide horretan badu oinarri bat ere. Oriotik paseoan zoazela bidaia bat egitea litzateke ideia.
Oraindik formatu asko daude Udalarekin erabakitzeke: ea dena diseinuaren bidez egingo den, QRrik izango den ala ez, aplikazio edo audiogidarik egongo den eta abar. Ikusiko da zertan amaitzen duen. Horri guztiari forma emateko denbora dut orain.
Sortzaile gisa, zerk eman diezaioke ilustrazioak Benitoren musikaren transmisioari?
Ilustratzaile gisa ari naiz azken urteetan, baina beste gauza pila bat ere egin ditut. Beraz, hau ez dut ehuneko ehunean ilustrazio-lan bezala ikusten. Ez dut uste beharrik duenik ilustraziorako, eta ez dut uste ilustrazioaren bidez inpaktu bisual handia izango lukeenik. Ez dut ikusten panel handirik edo, esaterako.
Agian ikur bat sortu liteke, eta ikur horrek eramango gaitu. Mendian bezala, markatxo batek gidatuta.
Zer espero duzu zuk prozesu honetan aurkitzea?
Sorpresak beti egoten dira. Horrelako prozesuetan sartzen zarenean, beti dago harrituko zaituen zerbait. Pentsatzen dut orain buruan daukadan Benitotik —azkenean, etxean jaso dudan Benito bat— beste bat topatuko dudala, ibilbide sakonagoa izango duena, beste bat... Azkenean, liburuetan, kantuetan, elkarrizketetan eta detaileetan erreparatuta eta beste begirada batekin ezberdina izango dena.
Txikitan «Loretxoa» kanta entzuten zuen Eneritz edo oraingoa berdina ez den bezala. Prozesuan, Benitorekin elkartzea gustatuko litzaidake, eta elkarrizketa hori gauzatzen baldin bada, hor ere egongo dira perla politak.