Eneritz Ibarra eibartarrak jaso du Orioko Udalaren lehen Sormen Bizian beka

7.000 euroko dirulaguntza jasoko du «Benito, herriaren kantua» proiektua garatzeko; Benito Lertxundiren kantagintza eta ondarea Orion barrena zabaltzea proposatu du ilustratzaileak.
Eneritz Ibarra eibartarrak jaso du Orioko Udalaren lehen Sormen Bizian beka
Eneritz Ibarra ilustratzailea. Argazkia: Julene Sorarrain (Orioko GUKA)
2026/09/11 10:29
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eneritz Ibarra Azpeitia ilustratzaile eibartarrak jaso du Orioko Udalak lehen aldiz antolatu duen Sormen Bizian beka. Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea eta sortzaileen sormen-prozesuak babestea helburu duen deialdian, Ibarraren «Benito, herriaren kantua» proposamena aukeratu du epaimahaiak. Hala, 7.000 euroko dirulaguntza jasoko du proiektua garatzeko.

Bekaren lehen edizioan, Benito Lertxundiren biografia eta obra artistikoa jarri dituzte proposamenen abiapuntu. Ibarrak Lertxundiren kantagintza eta iruditeria Oriorekin lotuko dituen ibilbide bat sortzea proposatu du, haren lana belaunaldi berriei hurbiltzeko eta euskal kultur ondareari espazio publikoan lekua emateko.

Kantuen eta oroitzapenen ibilbidea

Proiektuaren bidez, Lertxundiren kantuak eta gogoetak, ahozko euskal kultur ondarea, memoria kolektiboa, biografia eta Orioko paisaia elkarren artean lotu nahi ditu ilustratzaileak. Haren arabera, ibilbideak «Orio eta ingurua beste begi batzuekin sentitzeko aukera» eskainiko luke, eta oroimena pizteko eta ondarea transmititzeko gune bihurtuko litzateke.

Ibarraren asmoa ez da, beraz, soilik Benitoren lana erakustea; kantagintza, paisaia eta herriaren memoria elkarrizketan jartzea baizik. Ilustratzaileak azaldu duenez, proposamena «euskal kultur ondare inmaterialari espazio publikoan lekua emateko» sortu du, eta Lertxundiren lana eskertzeko eta transmititzen jarraitzeko «gune bizi eta irekia» izatea nahi du.

Sormen-prozesua datozen hilabeteetan garatuko du, eta datorren neguan jendaurrean aurkeztu beharko du egindako lana. Orioko Udalak zehaztu duenez, bekak proiektuaren sormen-prozesua laguntzen du ekonomikoki, baina ez du esan nahi ondoren proposamena herrian gauzatuko denik. Proiektua behin amaituta egikaritzea beste fase bat izango litzateke.

Ingurumenetik ilustraziora

Eneritz Ibarra Azpeitia Eibarren jaio zen 1982an eta gaur egun Orion bizi da. Ingurumen Zientziak ikasi zituen eta, ingurumenaren eta hezkuntzaren esparruan hainbat proiektutan aritu ondoren, 2016an ilustrazioaren munduan hasi zuen ibilbide profesionala. Gasteizko I:D Arte eskolan egin zituen ikasketak.

Ordutik, ilustratzaile gisa hainbat proiektu profesional eta pertsonal garatu ditu. Horien artean dago «Begi hütsez ezin ikusi» komikia, iaz Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren barruan Atharratzen egindako egonaldiaren ondoren sortutakoa.