Epaiketara agertu ez diren hiru gazteak atxilotzeko agindu du epaileak
2007an Segi ilegalizatu zutenean A-8 autobidea moztu zuten bost gazteen epaiketa bertan behera laga dute gaur (eguaztena, urriak 30), Donostian epaitu beharreko bost gazteetatik hiru, Naroa Ariznabarreta, Ainara Ladron eta Aritz Azkona agertu ez direla-eta. Ordu erdiz errepidea mozteagatik 30 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Hiru gazteek desobedientzia zibilaren bideari jarraitzea erabaki dute eta horregatik ez dira joan epaitegira eta, hori ikusita, epaileak gazteak atxilotzeko agindua eman du. Gauzak horrela, gaur arratsaldean gazteei elkartasuna adierazteko agerraldia egin dute Untzagan eta, bertan azaldu dutenez, "atxiloketa gauzatzeko hilabete biko epea dago eta edozein momentutan" joan daitezke euren bila. Agerraldia amaitu aurretik, gazteak atxilotzen dituzten egunerako mobilizazioak iragarri dituzte.