Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia gaur iluntzean Untzagan

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia gaur iluntzean Untzagan
2016/06/04 16:24
eta kitto!
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak gaur iluntzerako ekitaldi berezia antolatu du. Untzagan, jubilatuen aldean ‘Piztu erabakiaren aroa’ goiburuari jarraituta, jai giroan ospatuko den ekitaldia 20:00ak aldera hasiko da, umeendako tailerrak, makillajea, zuzeneko musika, bertsoak eta beste jarduera batzuk eskainiko dituen jaialdiarekin. Horrekin batera, Gure Esku Dagoren materiala (kamisetak, oihalak…) salgai egongo dira eta, nahi duenak, proiektuari laguntza emateko zein bazkide egiteko aukera ere izango du.

1.500 kandela 'Gure Esku Dago'  idazteko
Ekitaldi nagusia 21:15ak aldera hasiko da: 1.500 bat kandelarekin ‘Gure Esku Dago’ esaldia osatuko dute lurrean, botoa emateko kutxa baten barruan idatzita. Horrela, inguru guztia erabat ilunduta dagoela, ixotutako kandelak emango duten argia baino ez da ikusiko. Modu horretan irudikatu nahi dute “herri honek erabakitzeko duen borondatea”.
Ekitaldia antolatu dutenen berbetan, “erabakitzeko eskubidearen trena Euskal Herrira ailegatu da. Datozen egunetan, Hego Euskal Herriko lau probintzietan galdeketak egingo dira: Debagoiena, Aramaio, Azpeitia, Goierri, Bakaiku eta Ispasterren. Ondoren, Oarsoaldean, Hernani, Bermeo, Busturia, Usurbil, Uribe Kosta, Elorrixo, Aulestin… eta beste hamaika herri eta eskualde batuko dira geratu ezin daitekeen olatu horretara. Izan ere, Euskal Herrian erabaki egin nahi dugu. Bidea hasi baino ez dugu egin eta, aurtengo galdeketak eredu modura hartuta, Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu olatua. Eta oraindik gure herrira ailegatu ez bada ere, haziak ereiten dihardugu, gaur ezinezkoa dena bihar posible izateko”.
Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte “Piztu erabakiaren aroa” ekinbidean parte hartzera, “etorkizuna elkarrekin eraiki behar dugu. Abian da erabakiaren aroa. Eta gu pausoa ematera goaz”.



image

image

image