Erabili bariko etxeen zerga kobratzeko ordenantzari salbuespen-zerrenda gehitu diote
Arcadio Benitez sozialisten bozeramaileak eta Jose Luis Valles Hazienda batzordeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini dute gaur (barixakua, hilak 11), datorren urtetik aurrera hutsik dauden etxebizitzen jabeei ondasun higiezinen zerga (IBI delakoa) kobratzeko erabiliko diren irizpideak zeintzuk diren azaltzeko. Hasiera batean zergan errekargoa aplikatuko zen ala ez erabakitzeko bertan norbait erroldatuta zegoen ala ez begiratzeko asmoa zuten, baina herritarrek horren berri izan zutenean udalean aurkeztu zituzten 400 bat alegazioak aztertu eta gero, "oso kasuistika zabala" dagoela ikusi eta onartu dute eta, horregatik, hil honen amaiera aldera onartuko den ordenantza berria egiteko beharrean ibili dira alderdi politiko guztietako ordezkariak.
Agerraldian argi laga nahi izan duten moduan, "ordenantzaren asmoa ez da dirua batzea, erabili barik dauden etxebizitzak merkaturatzea baino". Asmo horri jarraituta, eta alegazioetan ikusi diren kasuak aztertuta, dozena bat salbuespen gehitu dizkiote hasierako ordenantza-proposamenari. Errekargorik ez kobratzeko salbuespen-zerrendan, besteak beste, etxebizitza alokagai edo salgai egotea, jabea berriki hil izana, jabea zaharren egoitza batera bizitzera joan denetik denbora gutxia pasatu izana, behin-behineko arrazoiengatik herritik kanpora bizitzera joatea eta "logikoak diren beste egoera batzuk" daude.