Erabili #SagardoEguna eta egin gurekin batera eguneko kontakizuna

Erabili #SagardoEguna eta egin gurekin batera eguneko kontakizuna
2013/10/03 00:00
eta kitto!

Hirugarren urtez Facebook eta twitter bitartez eguneko kontakizuna egitea nahi du ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Iaz be eskatu genizuen laguntasuna eta izan genuen, benetan, baina aurten berriro ere zuengana jotzen dugu: zuen laguntza behar dugu Sagardo Egunean gertatzen dena sarean ezagutarazteko. Gaur egun hain garrantzitsuak diren sare sozialetan txokoa eman nahi dio ...eta kitto!k euskarari eta sagardo egunari, baina guk bakarrik ezin dugu eta #SagardoEguna hitz gakoa erabilita, zuen parte-hartzea espero dugu.
Goiz eta arratsaldeko eguna bilakatu zenetik, Sagardo Egunak esatari bat izan du, jaialdia girotzeko: noizbehinka txotx-a eskatzeko edo bertaratuak xaxatzeko. Baina Untzaga plazan izango den giroa sare sozialetan adierazteko #SagardoEguna erabili eta gero, esatariak ere egingo die errepasoa Facebook eta Twitter-en esaten direnei.



Zozketa, iaz moduan
Gertatzen den guztiaren berri emango du Facebook-eko ...eta kitto!ren orrialdeak eta twitter-eko @etakitto perfilak, baina horrez gain, zuetako edozeinek izango du kontakizuna egiteko aukera eta saria izateko aukera. Saria? Zer nolako saria izango da, ba? galdetuko dio batek baino gehiagok bere buruari. Iaz egin genuen moduan, aurten ere zozketa egingo dugu eguneko parte-hartzaile guztien artean, euskaraz Sagardo Eguna zer nolakoa izan den kontatzen laguntzen digutenen artean. Zozketaren irabazleak Gorenak-eko sagardotegietako botila bana jasoko du.
Zozketa urriaren 9an egingo dugu, hau da, datorren asteazkenean. Izan ere, urtero egiten dugun moduan, datorren asteko alean ere errepasoa egingo zaio zapatu honetan Untzagan gertatutako guztiari eta tartean zozketa honen berri ere emango da. Lagundu zapatuan eta zorte on zozketan.

Argazkiak Facebook-eko orrian
etakitto.com eta Facebook-eko elkartearen orrialdean sartzen ditugu gure herriko albiste eta argazkiak. Elkartearen egun handia bilakatu da Eibarren Sagardo Eguna, eta jakina, horrek ere izango du islada webgunean eta Facebook-en. Hori dela eta, #SagardoEguneko argazkiak Facebook-en izango dira zapatuan bertan. Goizean egindako argazkiak arratsalderako izango dituzue zintzilikatuta eta arratsaldekoak domekan bertan izango dira ikusgai.
Jendez gainezka egiten du Untzagako plazak urriaren lehenengo zapatuan. #SagardoEguna urteko zita garrantzitsua bihurtu da herrian; horrela adierazi digute hainbat tabernarik eta egoten den giroa azpimarratu dute. Gorenak markako hamahiru sagardoak probatzeko aukera izango duzue, argazkiak egiteko aukera, eta zergatik ez, gurekin batera elkarbanatu. Guztion artean adierazi dezagun zein egun ona izaten den #SagardoEguna.