Erkorekak «egokitzat» jo du Eibarko futbol zelaitik Palestinaren ikurra kendu izana
Eibarren zale israeldarrek osatutako talde bat dagoela argudiatu du erabakia justifikatzeko.
Joan den urrian, Ertzaintzak zale bat kanporatu zuen Ipurua futbol zelaitik (Eibar, Gipuzkoa) Palestinaren ikur bat erakusteagatik, eta hari isuna jartzeko proposamena ere egin zuen. Eibar eta Huesca futbol taldeen arteko partidan gertatu zen hori. Aferak hautsak harrotu zituen, eta eragile askok «adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat» salatu zuten gertatutakoa. Eusko Legebiltzarrera ere iritsi zen auzia, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak egindako galdera baten bidez, eta orain jakinarazi dute galdera horri Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak emandako erantzuna: Palestinako ikurra kentzea «egokitzat» jo zuten, pentsatu zutelako bandera hori erakusteak «segurtasun arazoak gertatzea» eragin zezakeela.
Geroztik, Palestinaren aldeko ikurrak Euskal Herriko futbol zelai ugaritan erakutsi dituzte; horrek ez du inolako istilurik sorrarazi, eta Ertzaintzak ere ez du banderak erakutsi dituztenen kontra jo. Baina Ipuruako kasua berezia izan zen, Erkorekak emandako azalpenaren arabera: dioenez, Eibar futbol taldeak badu bere zaleen erregistro liburuan Eibar Israel izeneko elkarte bat, eta hortik ondorioztatzen dute Palestinako bandera erakusteak istiluak eragin zitzakeela.
Bere sare sozialen bidez eman du Arzuagak Erkorekaren erantzunaren berri, eta ez du eman horri buruzko iritzirik, baina «aho bete hortz» utzi duela dioen traola erabili du mezu batean.
Eibar Israel elkartea israeldar batek sortu zuen 2015ean, eta, haren sare sozialetan agertzen denaren arabera, ez du jarduera handirik. Palestinako bandera zeraman zalea Ipuruatik kanporatu zutenean, erabakia txalotu zuten sare sozialen bidez: «Hogei garaipen jarraian lortzea baino gehiago balio du horrek», idatzi zuten orduan.