Erlojuak atzeratu beharko ditugu zapatutik domekarako goizaldean
Urtero bezala, neguko ordu aldaketa dator urria amaitzearekin bat. Azken asteburu honetan izango da, urriaren 26tik 27rako gauean. 03:00etan 02:00ak izango dira, eta beraz, goizago argituko du egunak hemendik aurrera; ilundu ere lehenago egingo du, ordea. Neguko ordutegiak martxoaren 30era arte iraungo du, udakoa berriro indarrean jarri arte, hau da, bost hilabetetatan jarraituko diogu ordu horri.
Ordu aldaketen helburua energia aurreztea da, eta urtean bitan aldatzen dira erlojuak: martxo amaieran, eta urri amaieran. Eztabaida dezente egon da azken urteetan, ordu aldaketen aldekoen eta kontrakoen artean. Europako Komisioak proposatu zuen aurten aldatzea orduak azkenekoz, baina atzeratu egingo da erabakia, eta datorren urtean ere ordulariak aurreratu eta atzeratu egin beharko dituzte herritarrek. Bitartean, estatuek Europarekin negoziatu beharko dute, eta erabaki, neguko ordutegia ala udakoa, zein aukeratuko duten behin betiko ezarrita gelditu dadin.