Ermuak, Eibarrek eta Zaldibarrek hiru udalerrien arteko bidearen proiektuari berriz heltzeko hitzarmena sinatu dute
Zaldibarren bitartez Ermua eta Eibar lotzeko bidearen proiektuarekin aurrera egiteko hitzarmena sinatu dute Beatriz Gamiz Ermuko alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak gaur goizean, Ermuko Izarra Centre gunean egin den ekitaldi instituzionalean. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen proiektua ez da berria, baina hainbat arrazoirengatik urteetan geratuta egon da. Gaur sinatu duten hitzarmenari esker, “berme guztiekin” berriz martxan jartzeko asmoa azaldu dute hiru alkateek. Esan dutenez, “ibilbide berria bide atsegina, segurua eta jasangarria izango da, eta herritarrei oinez edo bizikletaz udalerrien artean ibiltzea ahalbidetuko die modu erosoan, mugikortasun aktiboa bultzatuz, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz eta ondoko herriekiko konektibitatea hobetuz”.
Hasierako proiektuaren eguneratze teknikoa, bidearen mantentze-eredua eta inplikatuta dauden hiru udalerrien arteko erantzukizunen banaketa jasotzen ditu hitzarmenak, besteak beste.
Beatriz Gamiz Ermuko alkatearen berbetan, “bideak pertsona askoren eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu, baita bizimodu osasungarria bultzatu eta oinezko eta txirrindularientzako inguru seguruago bat sortu ere. Pertsonei begirako proiektu bat da”.
Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak akordioaren garrantzia nabarmendu du, 2022ko akordioarekiko zenbait hobekuntza izango ditu-eta: “Zalantzarik gabe, akordioa mesedegarria da bai hiru erakundeentzat bai udalerrietako biztanleentzat. Ibur-Errekak, behingoz, sarrera duin bat izango du, eta herritarrek behar bezalako espaloi bat eta bizikletentzako bidegorri bat izango dituzte, BI-3344 errepidearen ertzean”.
Jon Iraola Eibarko alkatea ere pozik agertu da: “Herritarrek denbora luzea daramate horrelako bide bat eskatzen. Pertsona askok adierazi dute ibilbide baten beharra dagoela, eguneroko joan-etorriak kotxerik hartu gabe egin ahal izateko eta errepiderik zeharkatu behar izan gabe, eta gaur esan dezakegu hori lortzetik gertuago gaudela. Elkarrizketa, erakundeen arteko kooperazioa eta, batik bat, aurrera egiteko borondate politikoa nagusitu dira”.
Gaurko ekitaldian, datozen hilabeteetan koordinatuta lan egiteko konpromisoa erakutsi dute hiru udalek, “bide berriko obrak egitea ahalbidetuko duten fase teknikoak eta administratiboak ahalik eta azkarren has daitezen”.