Ernaik 10. urteurrena ospatuko du bihar

Ernaik 10. urteurrena ospatuko du bihar
2023/03/10 18:52
eta kitto!
Ernai Gazte Antolakundeak 10 urte bete zituen martxoaren 2an. Lizarran jaio zen mugimendua “milaka euskal gazterentzat askapen mugimenduan lehen pausoak emateko eskola izan da”, antolakundeak hamargarren urteurreneko ekitaldian adierazi zuenez eta, ekimenak duen babesa kontuan hartuta, pausoak ematen jarraituko du etorkizunean ere.

 

Mugimendu nazionala izanik, Ernaik herrietan banatzen ditu taldeak eta, noski, Eibarren ere badago antolatuta. Julen Baroja eta Ainhoa Azkue dira herriko Ernaiko kide bi, eta eurekin berba egiteko aukera izango dugu antolakundearen inguruan.

Biak dira Ernaik urtetik urtera jaso duen babes berriaren erakusle eta, antolakundea sasoian sasoira egokitu bada ere, nondik datorren ahazten ez duela erakusten dute euren berbek. “Ernai oso testuinguru zailean jaio zen, gazte antolakundeen aurkako erasoak maiztasun handiarekin ematen baitziren”, Barojaren berbetan. “Harrezkero, 10 urte daramatzagu borrokari tinko eusten eta oinarriak argi edukita. Beraz, abiapuntua kontuan hartuta, 10 urte hauen balorazio positiboa egiten dugu”.

Euskal gizartea asko aldatu da 10 urte hauetan, baina Azkuek dioenez, “Ernairen oinarrian dago testuinguru ezberdinetara moldatzea eta, horren arabera, analisiak egitea, beharrak identifikatzea eta egokitzea”.

Gizartean, ostera, bai atzemam dute nolabaiteko desmobilizazioa eta desatxikimendu politikoa. Euren ustez, sistema aldatzeko modurik ez dagoela zabaldu delako gertatu da hori. “Era berean, 78ko erregimenaren inguruko desatxikimendu handia dago eta hainbat krisi areagotu egin dira. Gaur egun, krisi anizkoitz baten aurrean kokatzen gara (krisi ekologikoa, zaintza krisia...) eta sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta arrazista batean bizi gara. 10 urtetan testuingurua asko aldatu da, pandemia tarteko, baina oinarrian dauden krisi asko lehengo berdinak dira”, Azkueren berbetan.

 

Gazte Frontea

Iaz Ernairen III. Kongresua egin zen eta hiru ardatz nagusi zehaztu zituzten bertan: hezkuntza, naziogintza eta azken urteetan atxikitu dituzten borrokak (euskararen aldekoa, adibidez). “Horrez gain, esan bezala, 78ko erregimenaren inguruko desatxikimendua handia denez, hori politizatzea nahiko genuke”, Barojak dioenez. “Pedagogia independentista kontzeptuarekin lotzen dugu hori eta jendeak gure borroka independentistaren alde batzea du helburu”.

Gero eta gizarte indibidualistago honetan, Ernaik “kolektibizazioan” sinesten du, eta horretarako antolatzea eta artikulatzea da bere estrategia. Antolakundearen egiturari erreparatuta, Euskal Herri mailako mugimendua da eta herri ezberdinetan taldeak ditu. Eibarko Ernaik, adibidez, astero egiten ditu bilerak (beharraren arabera). “Bestetik, eskualdeko beste taldeekin etengabeko komunikazioa eta elkarlana dugu, eta maila nazionalean ere saretzea ematen da”, Azkuek dioenez. “Ernaik herriko taldeen apustua egiten du, herriko problematikak herrietako lagunek hobeto ezagutzen, identifikatzen eta lantzen dituztelako”, gehitzen du.

Barojak azpimarratzen duenez, “gure lanketaren zati handi bat kanpora begira egiten dugu. Hau da, herriko mugimendu ezberdinetan hartzen dugu parte modu aktiboan. Herriaren onura bilatu eta bertan eragin nahi dugun neurrian, bertako eragileekin lan egitea ezinbestekoa da. Borroka bateratua denez, denon artean eraman behar dugu aurrera. Iazko kongresuaren ondoren, Gazte Frontea deritzonaren alde egin dugu apustua. Hau da, jendartearen bizitza hobetzeko ‘gazte olatua’ sortu nahi dugu, eta horregatik sortzen ditugu aliantzak Eibarko beste eragile batzuekin”.

 

Ospakizunak Eibarren

Biharko “egun politikoa” prestatu du Eibarko Ernaik. “Bizi-proiektu ezberdinak eraiki ahal direla jarri nahi dugu mahai gainean, sistema aldatu daitekeela azaleratzea”, Azkuek azaldu digunez. Horren harira, edukia eta aisialdia uztartuko dituen ekitaldia egingo da 13:00etan, Errebalen, eta ordu erdi inguru iraungo du.

Trikipoteoa egingo da ondoren eta 14:30ean bazkaria egingo dute toki berean. 17:30ean jolasak egingo dituzte Untzagan, eta gero, 19:00etan, karropoteoa. “Kanpora begira prestatu dugun egitaraua da. 10 urte betetzea ospatzeko moduko urteurrena dela uste dugu eta helburuetako bat ondo pasatzea da”, Barojaren ustez. “Beraz, ahalik eta jende gehien hurbiltzea espero dugu eta Ernai Eibarren borrokan tinko dagoela ikustea”.