Ernesto Barrutia: “Hasiberriak izanik, antzerki-taldeko kide batzuek demaseko talentua dutela erakutsi dute”

Ernesto Barrutia: “Hasiberriak izanik, antzerki-taldeko kide batzuek demaseko talentua dutela erakutsi dute”
2022/02/11 10:41
eta kitto!
‘La novena’ antzerki taldeak ‘Esperpentos con chispa y fuego’ antzezlana eskainiko du hilaren 17an, 19:00etan, Coliseoan. Ikasten egitasmotik irten zen talde amateurrak lau istorio antzeztuko ditu publikoari barrea eragin eta ondo pasatzeko asmoz, Juan Luis Agirrek pianoan lagunduta.

 

Egun gutxi falta dira ikuskizunerako. Urduri? Gogotsu?

Pandemia aurretik beste obra bat prestatzen ari ginen, baina bi urtez geldirik egon garenez, publiko aurrean aurkeztu genuen azken lana hartu (Esperpentos con chispa y fuego), gauza batzuk moldatu eta berriz taularatzea erabaki genuen, publikoarekin kontaktua berreskuratzeko asmoz. Gero, beste muntaia horrekin jarraituko dugu.

 

Aldaketa handiak egin dizkiozue jatorrizko obrari?

Gauza batzuk kendu eta berriak jarri dizkiogu, abestiak txertatu ditugu… Taldean lagun asko gaudenez, istorio ezberdinak kontatzen ditugu aktore guztiok presentzia izateko. Lau istorio izango dira guztira eta bakoitzak gauza bat kontatzen du, ez dute elkarren arteko loturarik.

 

Zer kontatzen duzue istorio horietan?

Istorioek ez dute transzendentzia berezirik. Publiko jakin bati zuzentzen zaie eta oso komedia dibertigarriak dira. Bai publikoak bai guk ondo pasatzea da gure asmoa.

 

Ernesto Barrutia La Novena86

 

Zuk zeuk antzezpenarekin ondo pasatzen duzula dirudi, urte asko daramatzazulako mundu horretan. Nola hasi zinen?

Star fabrikan lan egin nuen 30 urtez eta 50 urte nituenean kaleratu egin ninduten. Ez ninduten beste inon hartzen eta ez nekien zer egin. Beraz, Euskal Aktoreen Sindikatuaren kide egin nintzen eta zortea izan nuen. Zenbait konpainiarekin estatu osoan zehar ibili nintzen, baita Parisen ere, eta artista bezala kotizatzen jarraitu nuen. Antzerkiak salbatu egin ninduen.

 

Baina antzerkigintzan esperientzia zenuen?

25 urterekin Arrate Taldean hasi nintzen. Antzerki amateurrean nuen esperientzia, baina sindikatuan izena eman nuenean ikastaroak egin nituen. Kameraren aurrean nola aritu ikasi nuen, adibidez. Birziklatu egin nintzela esan daiteke.

 

50 urterekin lanik gabe geratu eta antzerkiaren bidea hartu zenuen. Inoiz ez da berandu?

54 urte nituen antzerkian hasi nintzenean eta lagunek barre egiten zuten. “Pistoletatik antzerkira?”, esaten zidaten. Nik, noski, antzerkia nuen nahiago, barrenetik irteten den zerbait delako. Gainera, nahiz eta euskara ondo ulertzen dudan eta loibekin orain gehiago egiten dudan, antzerkiak euskaraz aritzeko aukera eman zidan.

 

Eta zer moduz?

Asko sufritzen nuen. Ez nuen erraztasunik eta, gainera, euskara batuan egin behar nuen, baina neure buruari jarri nion erronka izan zen. Donostiako konpainia batek ordezko moduan hartu ninduen Bartzelonan antzezlan bat egiteko. Maite Agirre zen zuzendaria eta antzezlana euskaraz ere egiteko proposatu zidan. Erronkari aurre egin nion eta oso ondo irten zen. Eta ni oso pozik! ‘Eta Maria, hiru aldiz amapola’ zen antzezlanaren izenburua, Maria de la O Lejarragaren inguruko obra.

 

Nola sortu zenuten ‘La novena’ antzerki-taldea?

Ikastenen Esperientzia Eskolaren bederatzigarren promozioan parte hartu nuen. Ikasturte amaieran zein jarduera garatu nahi genuen galdetu ziguten eta, taldean nengoela aprobetxatuta, antzerkia egitea proposatu genuen. Horregatik deitzen gara ‘La novena’. Egindako lanaz oso harro nago. Beste kideentzat eszenatoki gainera igotzen diren lehen aldia izan da eta batzuek demaseko talentua dutela erakutsi dute.

 

Eurek nola bizi izan dute prozesu hori?

Hasieran lotsa ematen zien, baina normala da. Orain, ostera, gauzak ikasten joan dira, askeago sentitzen dira eta demaseko maila dutela erakutsi dute.

 

Nolako laguntza eskaini diezu?

Pazientziarekin jokatu dut (barreak). Oinarrizko teknikak erakutsi dizkiet eta antzerkia nola egin behar den erakusten saiatu naiz, besteak beste. Telebistan, zinean edo antzerkian antzeztea oso ezberdina da. Antzerkian azken lerroan dagoenarentzat antzeztu behar duzu.

 

Urtero-urtero promozio berriak irteten dira Esperientzia Eskolatik. ‘La novena’ taldera batzen dira?

Batzuk bai, baita Esperientzia Eskolatik kanpoko batzuk ere (baina Ikastenen eman behar dute izena gutxienez). Denak dira ongi etorriak. Hori bai, emakumeekin alderatuz gero gizonezko aktore gutxi dugu. Ez dakit zergatik izango den. Batzuek esan didate demaseko lotsa ematen diela antzerkiaren kontuak, nahiz eta gustatzen zaien. Taldeko gehienei ere lotsa ematen zien hasieran, baina ohitzen joan dira.

 

Taldearen filosofia argia da: ondo pasatzea. Lortzen duzue?

Oso ondo moldatzen gara, afariak egiten ditugu, barre asko… Harreman onak sortu dira bertan. Gainera, komediak egiten ditugu eta, guk ondo pasatzeaz gain, publikoak ere gozatu dezala nahi dugu. Jendeak erlaxatzea eta barre egitea nahi du, eta guk atsegin handiz eskaintzen diegu eurek jaso nahi dutena. Oso publiko ona dugu, akatsen bat eginez gero ondo ulertzen dutelako.

 

Zer esan dezakezu hasieran aipatu duzun beste obra berri horren inguruan?

‘Esperpentos con chispa y fuego’ bezala, istorio dibertigarriak kontatuko ditugu bertan. Oraindik titulua ere ez diogu jarri!