Errebal ongizateari buruz aritzeko plaza bilakatuko da datorren asteko eguen eta barixakuan

Datorren astean, otsailaren 26an (eguena) eta 27an (barixakua) Eibarren egingo du geldialdia Eibarko Ongizatearen Plaza ekimenak, Errebalgo merkatuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako jardunaldi berezi honek ongizatea zer den eta nola eraiki daitekeen kolektiboki hausnartzeko aukera eskainiko du.
Errebal ongizateari buruz aritzeko plaza bilakatuko da datorren asteko eguen eta barixakuan
2026/02/19 12:13
Silbia Hernandez Arrazola

Errebalen bi egunez zabalduko den plazak parte-hartzerako guneak eskainiko ditu, non herritarrek euren iritzia eman, proposamenak egin eta esperientziak trukatu ahal izango dituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ongizatearen Plaza ekimenean parte hartzeko dei egiten die eibartarrei eta inguruko herritarrei, “ongizatea guztion kontua baita”.
Jardunaldia Osasuntsu zahartu saioarekin abiatuko da, Adinberriren eskutik (otsailaren 26an, 10:00etan). Goizero ETBn ematen duten programaren formatu berezian, jarduera fisikoa, estimulazio kognitiboa eta ongizate emozionala uztartuko dira. Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak kirol saio irekia gidatuko du, Naia Rosek estimulazio kognitiboko ariketak proposatuko ditu, eta eta Raquel Rodriguez mindfulness-ean adituak arreta kontzientea lantzeko tresnak eskainiko ditu.
Ondoren, 11:30ean, nahi ez den bakardadearen gaiari helduko zaio. Ados Teatroak ekoitzitako hiru film labur proiektatuko dira, eta ondoren solasaldia egingo da, J.A. Vitoria (Ados Teatroa), istorioetako protagonista baten eta Untzaga gizarte zentroko ordezkariekin.
Arratsaldean (17:00etan), Why Not Fundazioak osasun mentalari buruzko zuzeneko podcast saioa eskainiko du, eta desgaitasun intelektuala eta gaitz mentalak dituzten herritarren ahotsak bilduko dituzte. Ondoren (18:00etan) Emakume ahaldunduak mahai-ingurua hasiko da. Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, Mariam Ourdi El Alaoui (Kabia-Eibar San Andres egoitzako zuzendaria), Ana Ramos (EITBko kirol kazetaria), Maite Aperribay ekintzailea eta Amaia Gorostiza (Eibar K.E.-ren presidentea) izango dira parte-hartzaileak.

Gazteen ongizatea eta elikadura jasangarria
Bigarren egunean gazteen ongizateari buruzko saioarekin hasiko da egitaraua, 10:00etan. Gazteek eurek hartuko dute hitza, euren ongizatean eragina duten faktoreez aritzeko. Saioa Armeria Eskolarekin elkarlanean antolatu da. Ondoren, 11:30ean, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura jasangarriaren gakoak aztertuko ditu, Nagore Martin (Egotza baserria) eta Ander Urkia (Amazabalegi baserria) Debabarreneko bi baserritarrekin batera. 
Arratsaldean (18:00etan), Altxa Burua elkarteak gidatutako saio dinamikoan, mugikorren eta teknologia digitalen erabilerak haurren ongizate emozionalean, sozialean eta fisikoan duen eragina landuko da. Bereziki gurasoei zuzendutako jarduera izango da, erabilera arduratsu eta osasungarria sustatzeko tresnak eskaintzeko. Eta jardunaldak amaitzeko, Kantu Jira saio berezia eta pintxo-poteoa egingo dira, 19:00etan.

 

EGITARAUA

OSTEGUNA – OTSAILAK 26

10.00-11.30 Osasuntsu zahartu
Adinberriren eskutik, goizero ETBn egiten den programa berezia: Iñigo Vicens prestatzaile fisikoarekin kirol saio irekia; Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa egingo du eta Raquel Rodriguez mindfulness-ean adituak ere hartuko du parte.

11.30-13.00 Nahi ez den bakardadea
Sozialki isilarazitako errealitate bati ahotsa emango diogu benetako hiru istorioren bidez, Ados Teatroak ekoitzitako film laburrak proiektatuz; eta jarraian, J.A. Vitoriaren (Ados Teatroa), protagonistetako baten eta, UNTZAGA, Eibarko jubilatuen elkartearen arteko solasaldia.

17.00-18.00 Osasun mentala mintzagai
Why Not Fundazioaren zuzeneko podcasta, osasun mentalaren inguruan. Desgaitasun intelektuala eta gaitz mentalak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, eta besteak beste, Eibar Genuine taldeko kideekin.

18.00-19.00 Emakume ahaldunduak
Emakume ahaldunduek Eibarko garapenean izan duten paperaz solastuko dira Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, Kabia-Eibar San Adres egoitzako zuzendari Mariam Ourdi El Alaoui, EITBko kirol kazetari Ana Ramos, Maite Aperribay ekintzailea eta Eibar Clubeko presidente Amaia Gorostiza.

OSTIRALA – OTSAILAK 27

10.00-11.30 Gazteen ongizatea
Sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua... Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioa.

11.30-13.00 Elikadura jasangarria
Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin solasaldia. Harekin batera egongo dira Debabarrenako bi nekazari euren esperientziak kontatzeko: Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegi baserriko Ander Urkia Saiz.

18.00-19.00 Teknoadikzioak
Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa. 

19.00-19.30 Kantu Jira
Kantu Jira saio berezia eta ondoren pintxo poteoa.