Errebalgo auzian behin-behineko txostena Bilduri eman behar zitzaiola dio epaileak
Gaur (barixakua, hilak 4) jakin dugunez, berriki emandako sententzia batek dioenez, Errebalgo auzian Kontu Epaitegiaren fiskalizazioaren behin-behineko txostenak jasotako informazioa udaleko Bilduko ordezkariei eman behar zitzaien. Sententzia Bilduko zinegotzi batek bere egunean ipinitako demandaren harira dator. Izan ere, Bilduko ordezkariek diotenez aipatutako txostenak jasotako informazioa eskatu zutenean ukatu egin zitzaien. Bildutik azaldutakoari jarraituz, "txostenak alkatetzak alegazioak aurkezteko bakarrik balio zuela eta, gainera, behin-behinekoa zela erantzun ziguten. Horrekin batera, Kontu Auzitegiak berak esandakoari jarraituta konfidentzialtasuna zaintze aldera zihardutela esan ziguten". Behin-behineko txostena ukatzearekin batera, behin-betiko txostena prest izatean, txosten hori beste alderdi politikoei lez eurei ere emango zietela agindu zieten Bildukoei eta, alegazioen inguruko erabakiak hartu eta gero, Kontu Auzitegiak behin-betiko txostena Udalari helaraztean, orduan entregatu zitzaien informazioa.
Sententziaren berri izan eta gaur bertan horren inguruko balorazioa egin du Miguel de los Toyos alkateak. Dioenez, Udalak "errespetatu eta ontzat hartzen du" epaile batek emandako sententzia, "horrekin bat ez datorren arren". Alkatearen berbetan, "inondik inora ezin digute leporatu informazioa ezkutatu izana, gehienez Kontu Auzitegiak eskatutako konfidentzialtasuna zaintzearren zuhurtziaz jokatu genuela egotzi dezakete". Sententziaren edukiari buruz honakoa esan du De los Toyosek: "Eskatu zutenei behin-behineko txostena eman behar diegula jasotzen du sententziak eta guk horren berri izan eta berehala hala egin dugu, bere momentuan behin-betiko txostenarekin egin genuen lez. Beraz, sententziak dioena jada bete egin dugu".