Errendimenduko Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketa hasiko da
Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketa azken faseetan sartu den honetan, Errendimenduko Eskuz Banakako Txapelketari emango zaio hasiera bihar, urriak 17, Astelena frontoian.
Jaialdia 17:30ean hasiko da eta zazpi partidu jokatuko dira guztira, horietako bost lehenak Eskuz Banakako Txapelketakoak. Lehenengo partiduan, infantilen kategorian, Manex Arrieta Aretxabaletako Akizuren aurka arituko da; gero, infantiletan baita ere, Koikili Lizarraldek Aretxabaletako Jauregi izango du aurrean; alebinetan, Enaitz Arriolak Azkoitiko Aramendi izango du arerio eta Ibai Achak Bergarako Iturrosperen kontra jokatuko du; eta infantilen kategorian berriz ere, Agotek Oñatiko Guridi izango du aurrez aurre.
Eskuz banakako partiduen ostean, Eskuz Binakako Txapelketako bi neurketa jokatuko dira. Batetik, Ibarra eta Agirresarobe seniorrek Errenteriako bikotearen aurka jokatuko dute. Eta bestetik, kadeteetan, Amillategi eta Gil Oñatiko ‘Aloña Mendi 1’ bikotearen aurka arituko dira final zortzirenetako partiduan.
Horiek ez dira asteburuko neurketa bakarrak izango Astelena frontoian, domekan, 17:00etan, goma paletako bi partidu jokatuko direlako. Batetik, Gisasola eta Solagaistua Alegiko ‘Intxurre 1’ bikotearen aurka ibiliko dira. Eta bestetik, Ferreiro eta Soria bikoteak Donostiko ‘Loiolatarra 2’ bikotea hartuko du etxean.
Etxetik kanpo ere
Deporrek pilotari batzuk etxetik kanpo ere arituko dira. Gaur, urriak 16, Goma Paletako Txapelketan lehen postuan doazen Osa eta Lombraña seniorrak Ikaztegietan egongo dira. Zapatuan, bestalde, Amas – Leturiaga – Bartolome taldeko bikoteak Oiartzunen jokatuko du.
Errendimenduan, alebin mailan, Markel Segurolak Azpeitian jokatuko du alebinetan, Eskuz Banakako Txapelketako lehen jardunaldian. Eta infantiletan, Saez Oñatiko Zubikoan izango da bihar, urriak 17.