[ERREPORTAJEA] San Andres Eibarko Ostalaritza Elkartea sortu berri da

[ERREPORTAJEA] San Andres Eibarko Ostalaritza Elkartea sortu berri da
2021/03/17 16:00
eta kitto!
Pasa den domekan, hilaren 14an, goizeko 10:00etan Astelena frontoian egindako prentsaurrekoan aurkeztu zen San Andres Eibarko Ostalaritza Elkartea. 2020ko San Andres egunean ostalarien eskutik egindako manifestazioaren ondorioz sortutako ekimena da, ostalaritzaren batasunaren beharrari erantzuten diona. Elkartearen gidaritzapean hainbat ostalari daude, besteak beste, Aitor Bolinaga, Angel Ibarlucea, Oskar Treviño, Aitor Elcoro, Gari Luengo, Castor Garcia, Iker Iturricastillo eta David Vallejo.

Eibarren 136 ostalaritza gune daude abian momentu honetan, eta horietako 101ek dagoeneko eman dute izena San Andres Elkarteko partaide izateko. Antolatzaileen asmoa arianarian guzti-guztien partaidetza lortzea da, Eibarko ostalari guztiak talde bakar batean bildu daitezen.

Helburua Udalarekin eta beste erakunde batzuekin bide zuzena sortzea da, erabakiak hartzen laguntzeko eta sektorearen beharrei, arazoei eta kezkei une bakoitzean irtenbide egokienak eman ahal izateko. Labur esanda, guztion batasuna lortu eta horrek ematen duen indarraz baliatzea da Elkartearen asmoa.

IMG_8163

Sorrera

2020ko azaroaren 30ean, San Andres egunean, ostalariek bizi zuten egoera kaxkarra zalatze aldera, manifestazioak egin ziren zenbait tokitan. Elkarretaratze horretan sortu zen talde bateratua sortzeko lehen zirriborro edo ideia, eta antolatzaileek diote “San Andres Ostalaritza izenaz Whatsapp-eko taldea sortu zutela” ideia horri jarraipena emateko asmoarekin. Egun hartatik gaur arte lanean dihardute ostalariek eta pasa den igandean, hilaren 14an, Elkartearen aurkezpen ofiziala egin zuten Astelena frontoian.

Elkarteko kideak eta gidaritza

San Andres Elkarteko kide izan nahi duen ostalaritza guneak bete beharreko baldintza bakarra da Eibarren kokatuta egotea eta taldeari ekarpen positiboa egiteko gogoa izatea, besterik ez. Dagoeneko 101 ostalarik egin dute elkartearekin bat, eta helburua etorkizun hurbilean Eibarko 136 ostalaritza guneek izena ematea da.

Lau zonaldetan banatu dira Eibarko ostalaritza guneak: goiko aldea, Amaña, erdigunea eta beheko aldea. Zatiketa hori ardatz izanda eta sektore horretako bost lizentzia motak aintzat hartuta, elkarteko zuzendaritza-batzordea osatu da, elkartearen gidaritzapean egongo dena. Erabaki horren helburua ostalarien kolektiboaren ordekaritza ahalik eta osoena izatea da.

Honako hauek osatzen dute zuzendaritza-batzordea: Ongi Etorri jatetxeko Iker Iturricastillok, Astelena gastrotekako David Vallejok, Zelai Bide tabernako Juan Pablo Rojasek, Amesti tabernako Emilio Pitak, Tarte kafetegiko Marijo Aramberrik, Guridi Rugby tabernako Eva Eguigurenek, O´hays tabernako Yara Huestamendiak, Tas Tas kafe-antzokiko Kike Sarasketak eta Eibarrooms ostatuko Maialen Guisasolak.

IMG_8220

Eibartarren harrera

Eibarko herritarren artean “oso harrera ona” izan duela azpimarratzen dute antolatzaileek. Zer esanik ez ostalarientzat, izan ere, duela urte asko zegoen beharrari erantzuteko aukera ezin hobetzat jotzen dute askok elkarte honen sorrera. Eibarko Udalak ere begi onez ikusten duela diote antolatzaileek, eta harrera oso positiboa egin diote elkarte-figura berriari udaleko kideek.

Eibarko alkate berriak, Jon Iraiolak, igandeko prentsaurrekoan ostalariak zoriondu zituen egindako lanagatik eta elkartearekiko babesa erakutsi zuen. Horrez gain, alkateak bere Twitterreko kontuan argiratu zuen “hiriko ostalaritza-zerbitzuek erabat koordinatzeko beharrezko urratsa” zela.

Hemendik aurrera, zer?

Antolatzaileek argi daukate, eta hemendik aurrera gogotsu jarraituko dute ezarritako helburuak erdiesteko lanean. Eibarko ostalaritzaren beharrei erantzutea da, besteak beste, elkartearen lehentasuna eta jomuga. Etorkizunera begira, ostalaritzaren batasuna lortu eta hari eustea, eta aldi berean, unean uneko beharrei irtenbidea ematea da asmoa.

IMG_8257

Harremanetarako

Gaiaren inguruko edozein zalantza izanez gero, aurretik aipatutako zuzendaritza-taldeko kideekin harremanetan jarri besterik ez dago, edota elkarteko helbide elektronikora idatzi daiteke: sanandreseoe@gmail.com. Elkartean parte hartu edo elkarteari laguntza eskaini nahi dion edonor izango da ongietorria.

Esker bereziak

Antolatzaileek erreportaje hau baliatu nahi izan dute esker bereziak emateko Eduardo Garciari, musutruk elkartea abian jartzeko eman duen laguntzagatik. Haren esperientzia, profesionaltasuna eta konpromisoa funtsezkotzat hartzen dituzte antolatzaileek proiektuaren hasierako arrakastaren baitan.

IMG_8282WhatsApp Image 2021-03-15 at 10.07.21

*Logotipoaren egilea: Andrea Garcia*