Errigoraren "Eskutik Eskura" kanpainak inoizko harrerarik onena izan du
Martxoaren 10etik 26ra arte iraun duen Eskutik Eskura kanpainak inoizko harrerarik onena izan du. Errigoratik Euskal Herriko txoko guztietara banatuko dituzte kanpainan zehar eskatutako produktuak Aste Santuaren ondoren hasi eta maiatzaren bukaera bitartean. Azpimarratzekoa da "zazpi lurraldeetan egin duela gora eskariak". Errigoratik emandako datuen arabera, "osotara 145.500 litro olio eta 30.700 lote baino gehiago eskatu dituzte ia 10.700 eskaeretan. Iazko kanpainarekin alderatuz orotara 974 eskaerako igoera eman da, eta produktuei dagokienez, 17.530 litro oliba-olio birgina estra eta 4.655 lote gehiago banatuko ditugu aurtengoan".
2025eko Eskutik Eskura kanpainak emandakoak jauzi berria da Errigorarentzat, "kontsumitzaile arduratsu gehiagok proiektura batzeko asmoa erakutsi dutelako". Errigoraren komunitatea urtetik urtera gehiago zabaltzen ari denaren erakusgarri dira kanpaina honen emaitzak: "Kanpainan zehar azpimarratu genuen kontsumitzaile arduratsuen sarea haundiago eginez, `beste modu` hau indartzearekin batera, norbanako nahiz kolektiboari onurak ematen dizkiogula".
Kanpaina honek eman dituen emaitzei esker aurrera begira ere "bitartekari espekulatzailerik gabeko eredua indartzen jarraituko dugu Errigoran, eta kontsumitzaile zein ekoizleen beharrak erdigunean paratuko dituen eredu bat eratu. Bide horretan, kontsumitzaileok ekoizpenean eragiteko gaitasun gehiago biltzen jarraituko dugu, eta era berean Nafarroa erdi eta hegoaldeko ekoizpena indartu eta babestuko dugu".
“Beste modura” kontsumitzeko eta ekoizteko bidea, ordea, ez da kanpainarekin batera amaitu. "Errigoran urte osoko lanketa egiten baitugu alternatiba hori hezur-mamitzeko: ekoizpenean eraginez, euskara sustatuz, sarea indartuz, ondoko kanpainak prestatzen, jantoki kolektiboekin lanketak eginez, epe-luzerako erronkak identifikatzen... Etengabeko lanketan ari gara proiektuan, anbizioz eta ilusioz aipaturiko hiru helburuetara gerturatzeko lanean: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana", diote.